Maiatzean eta ekainean lanuzteak egingo dituzte negoziazioaren blokeoa dela eta
Alestis Aerospace Vitoria enpresako langileek enpresa batzordeak deitutako lanuztearekin bat egin dute, negoziazioaren blokeoa dela eta. Hurrengo lanuzteak, txanda bakoitzeko bi ordukoak, maiatzaren 26an eta 28an izango dira. Horiek lau ordura igoko dira ekainaren 2, 4, 9 eta 11n.
Alestisen hitzarmenaren negoziazioa geldirik dago. Alestis Miñaoko teknologia-parkean dago (Araba), eta Airbus eta Boeingerako osagai aeronautikoak fabrikatzen ditu. Enpresa batzordeak (2 UGT, 2 ELA, 2 CGT, 2 LAB) Aciturri Aerostructures taldeari ( % 49ren jabea) eta Sonaca enpresari ( % 51ren jabe berria) egotzi die negoziazioan aurrerapausorik eman ez izana.
Batzordearen ustez, "onartezinak" dira enpresa negoziaziora eramaten ari den proposamenak; izan ere, salatu dutenez, eskaerak handitzen ari dira, konpainiak gero eta etekin handiagoak ditu, baina enpresak eskubideak murriztu nahi ditu, eta, aldi berean, uko egiten dio soldatak KPIaren gainetik igotzeari.