Baliabide eta langile gehiago eskatu dizkiote Bizkaiko Foru Aldundiari
Bizkaiko Foru Aldundiko Umeen Zerbitzuko langileek Bizkaiko Batzar Nagusietan salatu dute Bizkaian haurrak eta nerabeak babesteko sistema egoera larrian dagoela, batez ere, Umeen Zerbitzuaren prekarietatea dela eta.
Langileen Batzordearen eta Enpresa Komitearen izenean egin dute agerraldia, alegia, ELA, LAB, UGT, CCOO eta SATSEren izenean.
Zerbitzu horretara iristen diren kasuak lurraldeko haurren babesgabetasun egoera larrienak direla gogorarazi dute. Gauzak horrela, eskatu dute haurren ikuspegia politika publiko guztietan modu transbertsalean presente egotea.
Ezinbestekotzat jotzen dugu sentsibilizazioa, prebentzioa eta esku-hartze goiztiarra indartzea, kalteberatasun-egoerek babesgabetasun larriko egoeretarantz eboluzionatzea saihesteko behar diren denbora, giza baliabideak eta inbertsio ekonomikoa bideratuz.
Sistema hobetzeko ezinbestekotzat jotzen dute zenbait eremu zehatz indartzea, nahiz eta jakin sistemaren errealitatea konplexua dela eta dimentsio ugari dituela. Hauek dira kezka nagusiak:
1. Haurren Zerbitzuari atxikitako baliabideak, zerbitzuak eta programak nahikoak ez izatea, eta horrek mugatu egiten du artatutako egoeren konplexutasunaren eta larritasunaren aurrean erantzuteko gaitasuna.
2. Langilerik ez izateak langainkarga eragiten du, esku hartzeen jarraitutasuna zailtzen du eta emandako arretaren kalitateari eragiten dio.
3. Larrialdi egoeretako esku hartzeen gainkarga; horrek berehalako arreta lehenestera behartzen du, eta prebentzioko, jarraipeneko eta lan sakoneko esku hartzeak egiteko gaitasuna mugatzen du, hasiera batean jorra daitezkeen egoerak eboluzionatzea eta berriz ere larrialdi berri gisa aurkeztea eraginez.
4. Herritarrei arreta emateko espazio fisikoa hobetzeko beharra, gaur egun desegokia baita, bai eta lan pilaketatik eratorritako baldintzak ere, herritarren arretari zein lanbide jardun egokiari eragiten dietenak.