Orain arteko Hezkuntza Sailaren errezetekin ez dira gaindituko Hezkuntza sistemaren gabeziak
ELAk PISA emaitzak ezagutu aurretik elkarretaratze bat deitua zuen ikasturte hasiera honetarako. Gure hezkuntza sistemaren gabeziak salatzen, proposamenak egiten eta lan baldintza egokiak izango dituen hezkuntza sistema propio baten alde mobilizatzen urteak baitaramatza sindikatuak.
2023Ko Hezkuntza Legearen izapidetzan proposamen bilduma bat helarazi zion ELAk Hezkuntza Sailari. Proposamenak hezkuntza sistema propio, publiko, ez segregatzaile eta euskalduna eraiki beharra jasotzen zuen. Besteak beste ondorengoak planteatzen zituen ELAk: hiru saretan banatutako hezkuntza sistema gainditzea, euskarazko murgiltze ereduaren ezarpena, hezkuntzan teknologia berrien erabilera arduratsu eta burujabe baten beharra edota lan baldintza egokiak eta plantilen egonkortasuna. Grebak egin zituzten hezkuntzako euskal langileek aldarrikapen hauen baitan. Baina azkenean legebiltzarrean onartu zuten hezkuntza legeak- izapidetzan zehar ia alderdi guztien onespena izan zuena- ez zituen ELAk proposatutako sakoneko aldaketak jaso.
2024-2025 greba ikasturtea izan zen hezkuntza publikoan. ELAk hamabost urtez berritu gabe zeuden lan hitzarmenak eguneratu eta hezkuntza publikoko langileen lan baldintzak hobetzeko neurriak aldarrikatu zituen. 2025Eko maiatzean irakasleen akordioaren sinadurarekin amaitu ziren grebak. Akordioa Jaurlaritzak eta gainerako sindikatuek sinatu zuten. ELAk ez zuen sinatu, grebetan aldarrikatutako eta funtseskoak diren edukiak falta zirelako: ratio hobekuntza esanguratsuak edo behin behinekotasuna jeitsi eta plantilak egonkortzeko neurriak esaterako.
ELAk urteroko aurrekontuen inguruko azterketetan hezkuntzara bideratzen den inbertsioaren salaketa egiten du. 2021Ean Eusko Jaurlaritzak BPGren % 4,9 bideratu zuen hezkuntzara, 2022an %3,91, 2023an %3,90 eta 2024an 3,85. Europar batazbestekoa %4,8koa denean eta UNESCOk gomendatzen duena %6a. Hau horrela, Jaurlaritzak hezkuntzara bideratzen den inbertsio publikoa hobetzeko beharra aldarrikatzen du ELAk urtero.
Arazoak ezagunak dira, irtenbideen noranzkoa ere bai. Euskalduntzeko euskara gehiago, aniztasunari erantzuteko baliabide gehiago eta politika sozial indartsuago eta teknologia berrien aurrean digitalizazio etiko eta arduratsua. Eta hau posible izateko inbertsio eta ratio hobeak, plantilen egonkortasuna, euskarazko murgiltze eredua eta hezkuntza sistema publiko, propio eta euskalduna dira jarraitu beharreko bideak. 2023ko Hezkuntza legea eta 2025eko irakasle publikoen lan baldintzen akordioa errotik aldatu behar dira beraz eta ELAk bide hori jarraituko du.