EUSKARAN ATZERAPAUSOAK

Hezkuntza Sailaren azken erabakiei erantzutea aztertzen ari da ELA

Hezkuntza Sailaren azken erabakiei erantzutea aztertzen ari da ELA
Eusko Jaurlaritzaren erabakien artean daude, besteak beste, IRALE programa bertan behera uztea; datorren ikasturtetik aurrera Lanbide Heziketarako euskalduntze plangintzarik ez izatea; edo euskarazko gaitasun hobea duten irakasleak desabantailan jartzea.

ELAk larritzat jo ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak euskarari buruz hartutako azken erabakiak. Adierazi du euskalduntzearen kontrako norabidean doazela, eta aztertzen ari dela bere afiliazioarekin eta hezkuntzako langileekin erantzuna adostea.

IRALE bertan behera uztea

Lehenik eta behin, ELAk jakin du Hezkuntza Sailak asmoa duela 26-27 ikasturtean bertan behera uzteko irakasleak euskalduntzeko eta euskara maila hobetzeko IRALE programa.

Erabaki hori komunikabideen eta langileen bitartez ezagutu du, sindikatuei ez baitzaie horri buruzko informaziorik eman.

ELAren ustez, oso erabaki larria da, bai prozedurari dagokionez, otsailean langileen ordezkariek ez baitute horri buruzko informaziorik, eta baita erabakiaren edukiari dagokionez ere, IRALE euskara transmititzen laguntzeko tresnak eskaintzen dituen programa bakanetako bat baita. 40 urtean parte hartu duten irakasleek oso argi dute IRALEren balioa. Hori dela eta, ELAk Sailari eskatuko dio bere asmoa erretiratzeko datorren otsailaren 26an irakasleen negoziazio mahaian.

Lanbide Heziketa

Bigarrenik, ez da ezagutzen Lanbide Heziketa euskalduntzeko plangintzarik. Oraindik ez dago bermatuta euskarazko eskaintza Lanbide Heziketako ikasketa guztietan, ezta langileak euskalduntzeko baliabiderik edo plangintzarik dagoenik ere. ELAk euskalduntzeko plangintza integrala eskatu du Lanbide Heziketako mahai tekniko guztietan.

Hizkuntza profilak

Gainera, ELAk deitoratu duenez, Eusko Jaurlaritzak hizkuntza eskakizunak malgutu nahi ditu, langileak euskaldundu beharrean. Sailak karrerako funtzionarioen ikasturte hasierako esleipen prozesua arautzen duen Agindua aldatzeko proiektua aurkeztu berri du. Proiektuaren 6. artikuluan jasotzen denez, 2. hizkuntza eskakizuna esleituta duten irakasleek 2. hizkuntza eskakizuna esleituta duten lanpostuetara soilik jo ahal izango dute (eta 1. hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetara, salbuespen gisa, baldin eta 1. hizkuntza eskakizuna duten pertsonak sartzea eragozten ez badute). ELAk uste du horrek euskaldunen eskubideen aurkako diskriminazio argia dakarrela. Gainera, merezimendu eta gaitasun printzipioak urratzen direla gaineratu du. "Profila ez edukitzea pribilegioa da, izatea, ordea, eta desabantaila”, kexu da ELA.

Gauzak horrela, sindikatuak uste du Administrazio publikoak, oro har, eta hezkuntza sistema euskaldundu nahi baditugu, hizkuntza eskakizunak orokortu behar direl, eta horietan lan egiten duten langileak euskalduntzeko prestakuntza eta baliabideak indartu behar direla. ELAk negoziazio mahaian aurkeztu zituen artikulu horri buruzko alegazioak. Hala ere, Sailak ez die jaramonik egin. Horrek zaildu egiten du, besteak beste, Lanbide Heziketa euskalduntzea.

Euskarazko murgiltze ereduari uko

Azken Hezkuntza Legean euskarazko murgiltze eredua ezartzeari uko egin zion Hezkuntza sailak. Bere ordez, “euskara ardatz duen eredu eleaniztuna” onartu zuen. Batetik, salatu du ELAk, euskalduntzen ez duten ereduak mantendu ditu, eta bestetik, D ereduan euskararen transmisio osoa egiteko zailtasunak izan arren, gaztelaniaren eta atzerriko hizkuntzen pisua handitzeko aukera eman du.