BIZKAIKO ERRESIDENTZIAK

ELAk Osalani eskatu dio premiazko neurriak har ditzala langileen osasunaren narriadurari aurre egiteko

ELAk Osalani eskatu dio premiazko neurriak har ditzala langileen osasunaren narriadurari aurre egiteko
Artxibo irudia
ELAk sektoreko 5.800 langile baino gehiagori eragiten dieten arrisku psikosozialei buruzko azterketa integrala eskatu du.

ELA berriro bildu da gaur Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko (Osalan) zuzendaritzarekin, ekainaren 3an egindako bilerari jarraipena emateko. Besteak beste, langile-faltak eragindako lan-karga eta -erritmo altuen, eskaera psikologikoen eta abarren ondorioz, plantillak salatu duen egoera larriak piztu duen interesa dela eta.

Gaurko bileran, Osalaneko zuzendariaz gain, Eusko Jaurlaritzako Laneko zuzendariak ere parte hartu du. Langileek duela 9 hilabete baino gehiago planteatzen ari diren eskaerak helarazi dituzte berriro. Horiek, nahiz eta, orain arte egindako sei negoziazio-mahaietan azaldu diren, ez da aurrerapausorik izan.

Bileran, ELAk Osalani jakinarazi dio sektoreko arrisku psikosozialei buruzko azterketa sakona egin behar dela, sindikatuak egindako lana eta langileen zuzeneko esperientzian oinarrituta.

Era berean, sindikatuak eskatu dio OSALANi jarrera aktiboa izan dezala Bizkaiko erresidentzietako 5.800 langile baino gehiagoren laneko segurtasuna eta osasuna bermatzeko berehalako neurriak hartzerakoan. ELAk ohartarazi du lanaren egungo antolaketa ondorio larriak eragiten ari dela plantillen osasunean, eta erakundeen jarduera irmoa eskatu du, bere ustez jasanezina den egoera bati amaiera emateko.

Bilera langileek bultzatutako ‘Zaintzeak gaixotasuna dakarrenean’  kanpainaren baitan dago. Kanpaina honetan sektorearen lan-karga eta egiturazko prekarietatea salatzen dute langileek. Prekarietatearen adierazgarri dira sektoreko % 42ko behin-behinekotasun-tasak, kontratazio partzialaren erabilera orokortuak eta asistentzia-beharrei aurre egiteko plantilla eskasak markatutako errealitatea.