ELAk jaiotzagatiko eta zaintzagatiko baimena luzatzea onartzen duen epaia lortu du Bizkaiko Foru Aldundian

ELA sindikatuak aldeko epaia lortu du lehen instantzian, Bizkaiko Foru Aldundiaren (BFA) eta Gizarte Laguntzarako Foru Erakundearen (IFAS) aurka aurkeztutako gatazka kolektiboan, bi erakundeek uko egin baitzioten guraso bakarreko familietan jaiotzagatiko eta adingabearen zaintzagatiko baimenaren luzapena aitortzeari.
Epai judizialak berretsi egiten du Akordioan/Hitzarmenean jasotako lau aste gehigarriak hobekuntza konbentzional bat direla, oso-osorik aplikatu beharrekoa, eta ezin dela ezabatu edo murriztu, ondoren izandako lege-aldaketen arabera. Epaiak azpimarratzen duenez, "hitzarmena negoziatzean, indarrean dagoen legeria hobetzea izan zen alderdien nahia", eta ez dator bat zuzenbidearekin ondorengo lege-aldaketek hobekuntza hori xurgatzea.
Ebazpen hau Konstituzio Auzitegiak (KA) azaroaren 6ko 140/2024 epaian ezarritako irizpide-aldaketaren ondoren eman da. Epai horrek Konstituzioaren aurkakotzat jo zituen Langileen Estatutuko 48.4 artikulua eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 177. artikulua, guraso bakarreko familiekiko zeharkako diskriminazioa eragiten zutela iritzita..
Konstituzio Auzitegiak zehaztu zuenez, guraso bakarreko familia batean jaiotako adingabeak ezin du jaso bi gurasoko familia batean jaiotako beste adingabe batek baino zaintza-denbora nabarmen txikiagoa, eta guraso bakarrak 26 asterainoko baimena izateko eskubidea duela onartu zuen (ohiko 16 aste + 10 gehigarri), adingabea babesteko Konstituzioaren 39. artikuluan jasotako printzipioa aplikatuz. Printzipio horren arabera, botere publikoek familien eta seme-alaben babes soziala, ekonomikoa eta juridikoa bermatu behar dute, haien ongizatea eta tratu-berdintasuna bermatuz.
Doktrina hori eta epai berria kontuan hartuta, ELAk eskatzen die BFAri eta GUFEri errekurtsorik ez jartzeko eta auzitegiek adierazitakoa atzerapenik gabe aplikatzeko, guraso bakarreko familien eskubideak erabat errespetatzen direla bermatuz. ELAren ustez, orain arte erakunde horiek egindako interpretazio murriztaileak berdintasunaren, haurren babesaren eta lan-duintasunaren printzipioak urratzen ditu.
Administrazio publikoek eredu izan behar dute kontziliazio eta erantzukidetasun neurrien aplikazioan, eta ez dute oztopo bihurtu behar guraso bakarreko familia osatzen duten langileen diskriminazioa, seinalatzea edo estigmatizazioa betikotzeko.
ELAk kontziliazio-eskubideen defentsarekin eta familia guztien benetako berdintasunarekin duen konpromisoa berresten du, bere egitura edozein dela ere.