ELAk ez du onartzen Kutxabankeko lanpostuak amortizatzeko plana

2015/11/04
ELAk ez du onartzen Kutxabankeko lanpostuak amortizatzeko plana
Kutxabankek lanpostuak amortizatzeko plan bat adostu du CCOOekin eta Pixkanakarekin; plan honek suntsituko dituen 276 enpleguak ez dira galtzen diren lehenak: azken lau urteetan 1.098 lanpostu deuseztatu ditu erakundeak. Gainera, epe laburrean Kutxabankek beste 400 enplegu amortizatzeko erabakia hartuko dela aurreikusten da.

Plantilla zeharo murrizteak pertsonalarentzat lan-karga areagotzea ekarriko dio; zuzendaritzak dioen moduan, jende gutxiagok lan handiagoa egin beharko du.

Horrekin batera, Kutxabankek zerbitzuak esternalizatzeko prozesu bat ere egin nahi du, Euskaltelen gertatu zen bezalaxe; horrek lanpostu asko prekarizatzea ekarriko du, baldintza okerragoekin.

Akordioaren arabera 30 pertsona kontratatuko dituzte; kopurua barregarria da kontutan izanik aipatutako enplegu galera. Gainera, ez da lanpostu berririk sortzen: ELAk lehenago ere salatu izan du 170 lankideren egoera prekarioa, Kutxabankek aldi baterako kontratuekin baitauzka. Sindikatu honek erakundeko eta bankuaren akziodun nagusia den BBK Fundazioko arduradunekin izandako hainbat bileratan galdegin du pertsona hauek pertsonal finko bihurtu behar dituztela. Honek ez luke kostu ekonomikorik izango, baina ez dute onartu; kolektiboa badaezpadako egoeran mantentzen dute. ELAren ustez hau egin eta onartu ezinekoa da gizarte-ekintzaz harrotzea.

Salatzeko da Kutxabankek gehiengo sindikala bere interesen arabera moldatu nahi duela, akordiorik merkeena bilatzen baitu. CCOOek eta Pixkanakak sinatu duten planak %95ean EAEn du eragina, eta esparru honetan ELAk eta LABek gehiengo absolutua dugu. Euskal enpresak estatu mailako negoziazioa hautatu du, eta ordezkaritza sindikal estatalaz baliatzen da ia bete-betean EAEko langileei eragiten dien akordioak ixteko. Jokabide hau ez da berria, eta ardura politiko argi bat du. ELAk eskatzen du Kutxabanken Euskal Herriko pertsonalaren lan-baldintzak bere ordezkaritza sindikalarekin negozia daitezela.

ELAren iritziz, Kutxabank enplegua suntsitzeko eta lan-baldintzak hondatzeko makina bat bihurtu da, efizientzia eta etekina lortze aldera. Hau Kutxabanken pribatizatze prozesuaren atal bat da. Erakundeko lehendakari den Gregorio Villalabeitiak esan du orain gorriak ikusi behar direla enpresaren balioa handitzeko; gero, balioa hobetutakoan, “aukera guztiak, nazionalak zein nazioartekoak, irekita izango dira”. Hots, erakundearen akzioak kapital pribatuaren esku jartzeko erabakia hartu dute, baina urratsez urrats doaz, eta ez dute zehaztu nahi istorioa nola amaituko den. ELAk eskatu du konpromisoa har dezatela Kutxabanken akzio bat ere ez dela kapital pribatuaren esku jarriko.

Kutxabank eta bere arduradun politikoak euskal gizarteari iruzur egiten ari zaizkio, etekina lehenesten baitute, soldata, kotizazio eta zergen kaltetan. ELAren ustez enplegu duina sortzea da eginkizunik sozialena.