Langile bat hil da Abartzuzan lan istripuz, aurten Nafarroan izandako 22.a
Gaur goizean 49 urteko langile bat hil da Abartzuzan (Nafarroa), kamioi batek harrapatuta. Lehenik eta behin, sindikatuak bere babesa eta elkartasuna adierazi nahi die biktimaren lankide eta hurbilekoei, eta beharrezko ikerketak egin daitezela eskatzen du, gertatutakoa eta egon daitezkeen erantzukizunak argitzeko.
Honez gero, 2025. urtean zehar 22 pertsona hil dira lan-istripuz Nafarroan, eta Lurralde hau da estatuko laneko heriotza-tasarik altuena duena. Bertan, bi astean behin pertsona bat hiltzen da lanean edo lanera bidean, eta hirutik bat harrapaketa, kolpe edo erorikoen ondorioz gertatzen da. ELAk salatzen duenez, kasu horietan enpresek seinalizazio eta babes neurri bereziak ezarri behar dituzte horrelako lan-istripuak saihesteko, baina egiten ez dutenez, heriotz-tasa bereziki handia da.
Datu ofizialen arabera, enpresek ez dute prebentziorik egiten, edo egiten badute, paperean geratzen da. Halaber, baja arrunten erdiak lan-baldintza eskasekin lotuta daude. Ondorioz, enpresak dira absentismoaren erantzuleak, baina hala eta guztiz, patronalarentzat langileak dira iruzurra egiten dutenak. Onartezina da.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak miloika euro esleitu dizkie CEN, UGT eta CCOO sindikatuei, Enplegu Planaren aitzakian, eta bien bitartean, NOPLOI eta lan-ikuskaritzak kolapsatuta daude baliabide faltagatik. Ondorioz, pribatizazioa eta eraginkorra ez den Elkarrizketa Soziala bultzatzeaz gain, Gobernuak uko egiten dio betegabetzeak kontrolatzeko behar adina baliabide ezartzeari.
Hori dela eta, ELAk elkarretaratzea deitu du datorren azteazkenean, azaroak 26, goizeko 11:30ean, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean (Karlos III, 2. Iruñea), lan-ikuskaritzaren plantilla hirukoizteko eskatzeko.