“Sidenorreko lan egokitzapenaren plana”ren xede bakarra lan-baldintzak behera egitea da

2016/12/02
“Sidenorreko lan egokitzapenaren plana”ren xede bakarra lan-baldintzak behera egitea da
ELAk azpimarratzen du lan-baldintzak ez direla Sidenorren arazoa. Gaur arte Zuzendaritza berriak egin duen apustu bakarra Gerdauren ildotik jarraitzea izan da: lan-eskubideei eraso egitea, langileentzat erakargarriago izan daitekeen beste planik aipatu gabe.

ERTE(Lan Erregulazio Txostena) aren bigarren bileran enpresaren helburu bakarra zein den egiaztatu dugu: lan-baldintzak berriro okertzea.

Sinestarazi nahi digute etorkizunari eusteko modurik onena eskubideak galtzea dela. Azken urteotako hitzarmenen negoziazioetan arrazoi hori bera eman digute eskubideei uko egiteko.

ELAk, aldiz, azpimarratzen du lan-baldintzak ez direla Sidenorren arazoa. Gaur arte Zuzendaritza berriak egin duen apustu bakarra Gerdauren ildotik jarraitzea izan da: lan-eskubideei eraso egitea, langileentzat erakargarriago izan daitekeen beste planik aipatu gabe.

ELAren aldetik Sidenor osatzen dugunon etorkizunaz hitz egin nahi dugu benetan; zuzendaritza, herri-erakundeak eta langileak batera bilduz. Inbertsioak behar ditugu, lantegiak lehiakorragoak izateko, eta baita apustu sendo bat ere, industria-proiektuak mantentzeko eta bultzatzeko.

Orain dugun informazioa dugula, esan dezakegu ERTEa gehiegizkoa eta zentzugabea dela. Baina zoritxarrez, bigarren bilera egin orduko, sindikatu batzuek ontzat emanak dituzte enpresaren argudioak. Hori oso larria da. ERTEaren zergatiak onartzeak bidea errazten du, bai enplegua murrizteko, bai geroko batean lantegiak itxi ahal izateko.

Gainera, gogoan izan behar dugu ERTEak negoziatzeko prozedurak ez direla bide egokia hitzarmen kolektiboak aldatzeko. Gaurko bileran berriro ohartarazi diegu hau: prozesuaren helburua hitzarmen kolektiboak aldatzea bada, prozesua juridikoki irregularra izan daiteke, eta beraz salatzeko modukoa.