ORDIZIAKO SAN JOSE EGOITZA GREBAN

ELAk Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta KABIAren premiazko esku hartzea eskatu du

2026/06/25
ELAk Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta KABIAren premiazko esku hartzea eskatu du
ELAk kaleratze bat eta lan murrizketak salatu ditu, 153 eguneko greba metatzen duen gatazkaren aurrean. Era berean, manifestazioa deitu du arratsaldeko 18:00etan Ordiziako Udaletik abiatuta.

ELAk salatu du greban dagoen langile bat kaleratu dutela eta lan baldintzetan murrizketa berriak ezarri direla Ordiziako San Jose egoitza publikoan. Neurri horiek hartu dira 153 eguneko greba mugagabearen testuinguruan, eta horregatik Gipuzkoako Foru Aldundiari eta KABIAri berehala esku hartzeko eskatu die.
Zehazki, egoitzaren enpresa kudeatzaileak, Zaintze-Clecek, langile bat kaleratu du arrazoi antolatzaileak argudiatuta. Horrez gain, lanpostuak amortizatzen hasi da, eta kontratazio berriei lan baldintza kaskarragoak ezartzen ari zaie, erreferentziazko hitzarmena aldatuta.
KABIAren titulartasuneko eta kudeaketa pribatizatua duen egoitzak 70 bat langile ditu, gehienak emakumeak. Langileek greba mugagabean jarraitzen dute lan-hitzarmenean hobekuntzak eskatzeko, besteak beste, lanaldi osoko kontratuak bermatzea eta soldata-arrakala murrizteko neurriak ezartzea.
Sindikatuak salatu du greba hasi zenetik enpresak uko egin diola plantillaren eskaera nagusiak negoziatzeari, eta uste du kaleratzeak eta murrizketek langileengan presioa areagotzea dutela helburu. Gauzak horrela, ELAk uztailaren 8rako bilera deitu dio enpresari Gipuzkoako Lan Harremanen Kontseiluan (LHK).
ELAk gogorarazi du duela aste bat baino gehiago KABIAri premiazko bilera eskatu ziola egoera aztertzeko, baina oraindik ez duela erantzunik jaso. Horren aurrean, Aldundiari eskatu dio zerbitzuaren titular gisa ardura bere gain har dezala, kaleratzea atzera bota dezala, enplegua mantendu dezala eta egoitzako arreta kalitatea bermatu dezala.