ELAk negoziazio mahaira eraman du kontratu partzialak mugagabe bihurtzeko beharra
Bizkaiko egoitza eta etxebizitza komunitarioen hitzarmena berritzeko lehen negoziazio-mahaia izan da gaur. Hitzarmenak 5800 langile ingururi eragiten die, eta ELAk % 64ko ordezkaritza du sektorean. Gaur aurkeztutako plataformaren edukiek erantzuna ematen diote "Zaintzeak gaixotasuna dakarrenean" kanpainaren bidez egindako diagnostikoari. Kanpaina horretan ELAk azaleratu zuen sektoreko langileen arrisku altua osasun fisiko eta mentalari dagokionez, gehiegizko lan-kargen ondorioz.
Ildo horretan, ELAk gogorarazi du duela hiru urte, sektorean greba egiten ari zirela, plantillak bikoizteko beharra aldarrikatu zuela, egungo langileekin egunean 60 minutu bakarrik ematen baitzaie arreta egoiliarrei. Atzemandako arrisku psikosozialekin batera, ELAk lan-txanda guztietan langile gehiago kontratatzea eskatu du, osasuna bermatzeko eta, ondorioz, egoiliarren arreta hobetzeko.
ELAk negoziazio-mahaian aurkeztu duen aldarrikapenak honako hauek dira, besteak beste: kontratu partzialak mugagabe bihurtzea enplegua hobetzeko eta plantillak handitzeko, gaueko txandan planta bakoitzeko 2 pertsona gutxienez, 55 urtetik gorako pertsonentzako hobekuntzak edo familia-eredu berrietara egokitutako lizentziak, besteak beste. ELAk prentsaurrekoa deituko du otsailaren 10erako, datozen hilabeteetan eman beharreko pausoen berri emateko.