‘No pudieron romper el cerco. Crímenes y represión franquista contra ELA’ liburuaren aurkezpena
Joxeangel Ulazia Beristain, ‘No pudieron romper el cerco. Crímenes y represión franquista contra ELA’ liburuaren autorea.
“MILAKA PERTSONAK ERREPRESIO FRANKISTA JASAN BEHAR IZAN ZUTEN ELAKIDE IZATEAGATIK”
Uztailaren 18an liburu baten aurkezpena egin da Donostian: ‘No pudieron romper el cerco. Crímenes y represión franquista contra ELA’, gure lankide Joxeangel Ulazia Beristainek idatzia. Ulazia Mutrikun jaio zen 1957. urtean, Bartzelonako Bellaterra Unibertsitate Autonomoan lizentziatu zen Historia Moderno eta Garaikidean, eta sindikalismoaren bidetik Debako Itziarko Ama ikastolan abiatu zen, non lehenengo, irakasle, eta gero, zuzendari izan zen. ELAko ordezkari izatetik sindikatuaren egituran sartzera aldatu zen 1989. urtean, Irakaskuntzaren Federazioko kide gisa. Hortik Deba Barreneko eskualde-arduraduna izatera aldatu zen, Nazio Batzordeko kide izatearekin batera. Gero, Gipuzkoako zerbitzu-sektoreko arduraduna izan zen, harik eta 1999. urtean Manu Robles-Arangiz Fundazioan lanean hasi zen arte. Azken urteotan, batez ere, gure sindikatuko ordezkari berriak prestatzen aritu da.
-Nola piztu zitzaizun liburu hau idazteko ideia?
-Historialari-ikasketak ditudan aldetik beti izan dut ELAren historia ezagutzeko jakin-mina. Horregatik, hainbat urtetatik hona materiala jasotzen ibili naiz han eta hemen, egunen batean erabilgarria izango zelakoan. Dokumentazio-bilketa hori 2011. urtean areagotu zen, orduan ELAk mendeurrena ospatu baitzuen; eta hori dela-eta, erakusketa ibiltaria antolatu zen, besteak beste.
Dokumentazio-lan horren zati bat egina zen, baina liburu hau idazteko azken bultzada Frankismoaren Krimenen kontrako Euskal Herriko Plataformak eman zuen, haiek “zirikatu” gintuzten esanez ulertezina zela ELA bezalako erakunde batek ez izatea ezer memoria historikoari buruz. Argi dago arrazoia zutela. Hala pentsatu zuten sindikatuko Konfederazioan ere, eta liburu hau idazten jarri nintzen. Bazen garaia ELAren historiari behar duen garrantzia emateko.
-Liburuak dokumentazio-lan handia behar izan du. Nola jaso dira dokumentu guztiak?
-Gure sindikatuak dokumentazio asko zuen, baina zatikako testuetan sakabanatua eta ordenatu gabe. Horregatik, orain dela zenbait urte erabaki zen agiritegi hori egokitzea eta txukuntzea, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. Docu enpresa espezializatuak beregain hartu zuen lan hori. Lan mardula izan zen, informazioa eta agiriak barreiaturik baitzeuden euskal lurraldeetan: Iparralden, Iruñan, Donostian, Tolosan... Material hori guztia sailkatu eta antolatu da. Liburu hau idazteak egin duen ekarpen nagusietako bat ELAren artxibo historikoa antolatzea izan da.
Gainera, liburua osatu ahal izateko, eta gure eskueran ez zeuden informazioak eta materialak eskuratzeko, artxibategi batean baino gehiagotan ikertu behar izan dut: Irargi (Eusko Jaurlaritza), Euskal Abertzaletasunaren Agiritegia (Areetan), Bizkaiko Foru Aldundiaren Artxiboa eta hainbat udaletako artxiboetan (Irun, Hondarribia, Errenteria, Legazpia, Zumarraga, Beasain, Eibar, Oñati, Bergara...). Esan beharrik ez dago bibliografia-material ugari ere jaso dela, eta askotan ELAren historiaren berariazko liburuak ez badira ere, oso material garrantzitsua izan da, gertakari asko kronologikoki ordenatu ahal izateko, eta testuinguru historikoan kokatu ahal izateko.
-Gerra zibilean eta ondorengo frankismoan zehar ELAkide izateagatik jazarpena pairatu behar izan zuten gehienak hilda daude dagoeneko. Hala ere, bizirik iraun duten azken lekukoen testigantzak jaso ahal izan dira liburuan...
-Onartu behar dugu alde horretatik oso berandu ibili garela. Horixe izan da gure okerrik handiena, denbora gehiegi joaten utzi dugula. Horregatik, liburu honen helburuetako bat plataforma izatea da, gai honi buruz ekarpenen bat egin nahi duenak egiteko aukera izan dezan. Zorionez, badira bizirik dirautenak, eta haiekin harremanetan jarri gara, elkarrizketatu ditugu, eta nork bere ekarpen materiala egin du. Eta, jakina, pertsona horiek omendu nahi ditugu.
Azken batean liburu honen bidez biziki omendu eta ohoratu nahi ditugu ELAren proiektuari eutsi dioten guztiak. Honen bidez, hala espero dugu behintzat, jende horren izen-abizenak argitaratuko ditugu, eta ahanzturatik aterako ditugu. Lagun horiek, kasu askotan, beren bizia eman dute Euskal Herri aske bat eraikitzeko, non gizartearen protagonismoa langileei egokituko zaien, duintasunez eta zuzentasunez bizi diren langileei.
-Zenbat ELAkidek jasan zuten errepresioa?
-Errepresioa hainbat modutan gauzatu zen. Batzuk fusilatuak izan ziren, beste batzuk espetxera bidali zituzten, ELAkide batzuei heriotz-zigorra ezarri zieten, hainbat eta hainbat erbesteratu ziren... Gure sindikatuko militante batzuek lanpostua galdu zuten ELAkide izate hutsagatik. Eta sindikatuari berari ondasun guztiak konfiskatu zizkioten.
ELAri dagokionez zenbakiak oso esanguratsuak dira. Gure afiliatu askoren izen-abizenak jaso ahal izan ditut, erahilak, espetxeratuak, deserriratuak izan zirenenak... Ikaragarria da matxinatuek zenbat ELAkide fusilatu zuten. Banan-banan jasota daude kasu horiek guztiak, eta 120 lagun inguru dira.
Informazio asko dago, baita ere, Hego Euskal Herritik ihes egin behar izan zuten militanteei buruz. ELAk fitxetan jasotzen zuen mugaz bestaldera zihoazen afiliatuei buruzko informazioa. Honelako xehetasunak jasotzen ziren: nondik zetorren, senideak, lanbidea... Guztira, eta iheslariak bakarrik kontuan hartuz, 2.000tik gora fitxa daude.
Ikerlan honi esker jakin ahal izan dut hainbat jenderen ELA-afiliazioaren berrri. Adibidez, Ziriako Andonegi, mutrikuarrarena. Jende askorentzat ez da ezaguna izango, baina esaten badiegu, “Aitorren Hizkuntz Zaharra”ren letraren egilea izan zela, orduan bai, abestia denon ezaguna baita. Bada, liburua idazteko informazioa biltzen ari nintzela, jakin nuen Ziriako Gerra Zibilaren garaian atxilotu eta espetxeratu zutela ELAkide izateagatik. Eta Koldo Mitxelena arrazoi beragatik espetxeratu zuten Santoñan.
-Liburua, bestalde, aparteko tresna da historia hobeto ezagutzeko, bai gure sindikatuarena, bai Euskal Herriarena. Alde horretatik zein dira liburuaren irakaspen nagusiak?
-Ikuspuntu historikotik dokumentazio-lanaren bidez betiko kontu ilunak jorratu eta argitu ahal izan dira. Adibidez, hasiera batean abertzaleen artean izan ziren zalantzak, errepublikaren alde ala indar matxinatuen alde jartzekoak. Liburuak argi utzi du ELAren apustua hasieratik errepublikaren aldekoa izan zela. Ezin da ahantzi testuinguru historikoa. Izan ere, orduan erlijioak sekulako eragina zuen jendearengan. Esate baterako, askorentzat ulertezina zen ELAk ateoekin bat egitea errepublikaren alde, gurutzatu katolikoekin batu beharrean. Baina 1936an hori ulertzen ez zuten askok, gero, 1940an, normaltzat hartu zuten CCCPrekin batera borrokatzea Bigarren Mundu Gerran faxismoaren aurka. Argi dago aldi hartan pentsamolde-aldaketa nabarmena gertatu zela.
Garai hartako ikuspegitik ELAko jendeak beldur handiagoa zioten ezkertiarren iraultza bati, eskuindarren estatu-kolpe bati baino. ELAn ez zen susmatzen eskuinaren altxamendurik gerta litekeen. Alde horretatik oso adierazgarria da uztailaren 18ko altxamendu faxista gertatu zen unean III. Kongresua prestatzen ari ziren, eta inork ez zion susmo txarrik hartu altxamendu bat gertatzeko aukerari. Adibidez, ELAko orduko zuzendariak konturatuak ziren matxinatuek askoz okerrago tratatzen zituztela abertzaleak, “gorriak” baino; eta teorian “gorriak” ziren matxinatuen etsairik handienak. Hori ulertezina zen ELAko jende askorentzat.
-Errepresioa eta guzti, ELA aurrera atera da...
-Niretzat deigarria izan da jakitea zein-nolako garrantzia ematen zitzaion ELAkideak deserrian elkarrekin egoteari, elkarrengandik alde ez egiteari. Ahalegin handiak egin ziren batasunari eusteko hain aurka zuten egoera hartan. Datu bitxi bat, nire ustez orain arte ezezaguna eta argitaragabea, erbesteko ELAko Zuzendaritzak pentsatu zuen proposamen bat egitea Frantziako Gobernuari Afrikako iparraldean, zehazkiago Aljerian, euskal kolonia bat finkatzeko.
ELAkide haietako asko eta asko Amerikara joan ziren; batez ere, herrialde hauetara: Mexikora, Venezuelara, Txilera eta Argentinara. Eta herrialde haietan elkarteak sortu zituzten.
Gainera, memoria historikoaren arloan hutsunerik handienetariko bat aztertu eta jorratu nahi izan dut: Gerra Zibilaren amaieratik 60ko hamarkadara doan garaia, hau da, erresistentzia eta klandestinitatearen garaia. Ez dago dokumentazio handirik, eta aro horri buruz dakigun zati handi bat sindikatutik kanpoko historialarien bitartez jakin dugu.
ELAk errepresio handia pairatu du, baina aurrera atera da. Eta hori jende xeheari esker izan da, errepresio frankistaren menpean bizi arren, ELAren proiektua atera nahi zuen jendeari esker. ELAkideak izate hutsagatik errepresio-mota guztiak jasan zituen jende horien izen-abizenak, askotan, ez ditugu ezagutu orain arte. Liburua irakurtzean ELAk garai hartan zuen garrantziaz eta sendotasunaz jabetuko gara. Ideia bat izateko, ikusi besterik ez dago zenbat ondasun eta jabetza konfiskatu zituen erregimen frankistak, eta zenbat lagun izan ziren jazarriak eta zapalduak.