BENITO MENNI (ELIZONDO)

300 egun greban lan baldintzak eta zerbitzu publikoaren kalitatea hobetzeko

300 egun greban lan baldintzak eta zerbitzu publikoaren kalitatea hobetzeko
Nafarroako Gobernuak bere gain hartu behar du diru publikoarekin finantzatzen den osasun mentaleko zerbitzu publikoaren baliabideak eta kalitatea bermatzeko ardura

Elizondoko Benito Menni Osasun Mentaleko Zentroko langileek 300 egun bete dituzte greban, 2024ko abenduan lan baldintzak hobetzeko eta erabiltzaileei kalitatezko arreta eskaintzeko helburuarekin hasitako lan gatazkan. Nafarroako Gobernuaren funtsekin finantzatutako zerbitzu publiko itundua da. 2025ean zehar, ELA hiru aldiz bildu da Nafarroako Gobernuarekin, egoeraren berri emateko eta gatazka honetan duen erantzukizunaz zuzenean interpelatzeko.
Nafarroako Gobernua ez da bere erantzukizuna bere gain hartzen ari eta, egoera zuzenean ezagutzen duen arren, ez du gatazka konpontzeko neurri eraginkorrik bultzatu. 2026ko otsailean, Nafarroako Parlamentuak Foru Gobernuari eskatu zion osasun mentalaren sektorearen ezaugarri bereziak kontuan har zitzala eta bai zerbitzuaren kalitatea bai lan baldintzak hobetzeko beharrezko baliabideak jar zitzala. Hala ere, administrazioarekin egindako azken bileraren ostean, langileek oraindik ez dute erantzun zehatzik jaso. Gobernuak ezin du beste alde batera begira geratu baliabide publikoekin finantzatzen duen osasun mentaleko funtsezko zerbitzua emateko baldintzen aurrean.
Enpresak, bere aldetik, ez die erantzunik eman langileen oinarrizko aldarrikapenei, eta ELAren iritziz gatazka gainditzeko nahikoak ez diren proposamenak mantentzen ditu. Langileek hitzarmena eskatzen dute, gutxienez 22.400 euroko urteko soldata gordina bermatuko duena, lanaldia murriztea eta lan baldintza egokiak jasoko dituena, lan kargek eta langile ratioek arreta duina eskaintzeko aukera eman dezaten. Greban 300 egun eman ondoren, zuzendaritzak bere erantzukizuna bere gain hartu eta akordioa lortzeko benetako aurrerapausoak ekarriko dituzten proposamenak egin behar ditu.
Greban emandako 300 egunek agerian uzten dute gatazka hau lan aldarrikapen hutsetik harago doala. Funtsezko zerbitzuen eta zaintzaren kudeaketa eredua dago jokoan: ez da nahikoa zerbitzu bat diru publikoarekin finantzatzea, beharrezko baliabideak, lan baldintza duinak eta kalitatezko arreta bermatzen ez badira. Gainera, gatazkak agerian uzten ditu sektore feminizatu bateko langileek dituzten zailtasunak; izan ere, prekaritatea eta soldata arrakala errealitate izaten jarraitzen dute. Horregatik, langileek greban eta mobilizazioekin jarraitzeko konpromisoari eusten diote, benetako aurrerapausoak lortu eta helburuak bete arte.