TXAGORRITXU OSPITALEA

Osakidetzak aitortu behar izan du antsietate-baja baten lan-jatorria

Osakidetzak aitortu behar izan du antsietate-baja baten lan-jatorria
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio ELAri, eta salaketa aurkeztu zuen afiliatuarentzako soldata- eta laguntza-estaldurak hobetu ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ezetsi egin du Osakidetzaren apelazio-errekurtsoa, eta lan-istriputzat jo du Txagorritxuko Ospitaleko (Gasteiz) langile bati antsietatearekin moldatzeko nahasmendu batengatik emandako baja. Aldi baterako ezintasuna 2022ko martxoaren 29tik 2023ko uztailaren 27ra arte luzatu zen. Langileak, Txagorritxu Ospitaleko Anatomia Patologikoko teknikari espezialistak, beste lankideekin batera, behin eta berriz salatu zuen gatazka bat zegoela. Epaiak jasotzen duenez, besteak beste, langileak 14 aldiz jo zuen Prebentzioko Oinarrizko Unitatera bere egoera salatzeko.

Aitorpen horren ondorioz, langilearen bajak, hasiera batean gaixotasun arruntagatik zela ulertzen zenak, lan-jatorria duela ulertzen da, eta horrek langile honen koberturak hobetzea dakar (soldata-portzentaiak nabarmen hobetzen dira, eta Mutuak hartu behar du osasun-arretaren ardura). Horrez gain, kobertura haundiagoak dakartza ere etorkizunean ondorioak izango balitu (lan-jatorri hori segurtasun-neurririk ez izateagatik dela frogatzen bada, prestazioen kopurua haundituko litzateke, bai aldi baterako ezintasunaren kasuan, bai etorkizuneko ezintasun iraunkorraren kasuan; eta lesio iraunkorrengatiko kalte-ordainei ere atea irekitzen die, halakorik balego).

Egoera 2017. urtean hasi zen; izan ere, orduan hasi ziren zerbitzuko langileak kexatzen, zeregin batzuk egin bitartean segurtasunik ez zegoelako. Zerbitzu honetan substantzia kartzinogenoak manipulatzen dira, hala nola formola, eta arrisku biologikoa ere badago covid autopsietan edo gaixotasun prionikoetan. Une horretatik aurrera, eta epaiak jasotzen duen bezala, gatazka luze bat hasi zen, eta aldi baterako ezintasun-kasu batzuk sortu ziren zerbitzuan, demandatzailearen antsietate-patologia beragatik.

Osalani egindako salaketen eta Arartekoari aurkeztutako idazkien ondorioz, Arabako ESIko oinarrizko prebentzio-unitateak hainbat jarduera abiarazi zituen, besteak beste, faktore psikosozialen ebaluazioa. Ebaluazio hori 2022ra arte ez zen egin. Txostenak argi uzten du gatazka bat dagoela, eta lehentasunezko esku-hartzearen arrisku-faktore gisa nabarmentzen du "harremanak eta gizarte-babesa" faktore psikosoziala. Ebaluazioaren arabera, faktore horren jatorria anatomia patologikoko zerbitzuan data luzeko gatazka bat egotea da.

Arabako ESIak neurri zuzentzaileak eta langileek ekarpenak egitea proposatu zuen, baina langileek ez zuten inoiz erantzunik jaso. ELAk adierazi zuen ez zegoela ados nahikoak ez zirelako eta eraginkorrak ez zirelako. Horren guztiaren ondorioz, antsietate-baja ugari izan dira, eta esperientzia handiko profesionalek ihes egin dute beste kategoria, zerbitzu eta lantoki batzuetara. ELAk salatu duenez, faktore psikosozialen ebaluazioaren tramiteaz gain, Osakidetzak ez zuen neurrien jarraipenik egin nahikoak ote ziren jakiteko. Osakidetzan dagoen laneko osasunaren utzikeriaren eta babes faltaren beste adibide bat da.