Jaurlaritzak Administrazio Orokorreko Arloko Mahaia negoziazio itxura emateko erabili nahi du

2014/11/20
Jaurlaritzak Administrazio Orokorreko Arloko Mahaia negoziazio itxura emateko erabili nahi du
ELA, LAB eta UGT sindikatuek Eusko Jaurlaritzaren negoziaziorako borondaterik eza salatu dute. Gaurko bileran ez da gauza izan gutxieneko errespetuzko arauak ere gordetzeko eta antzezkizun hutsa izan dela adierazi dute. Langileek protesta batean hartu dute parte Gasteizko Jaurlarlaritzaren egoitzan.

 

ELA, LAB eta UGT sindikatuen Agiria:

Sindikatuok gaurko egunerako Administrazio Orokorreko Arloko Mahaiaren bilerara deituak izan gara gaur, azaroak 20. Teorian, Gobernuaren eta Administrazio honetako langileen arteko negoziazio mahaia da Arloko Mahaia.

Eguneko gai-zerrendan 11gai jarri dituzte (EPEa eta lekualdatze lehiaketa, lan-poltsak, lanaldiak eta ordutegiak, Lanpostu zerrendak, lan-kontratuko langileen lanpostuen balorazioaren egoera, eta beste dozena erdi), goiz batean aztertzeko, baina oraindik ere ez dugu beharrezko dokumentazio guztia jaso.

Etengabeko murrizketak ezartzen dizkiguten bitartean, soldaten izozketa berri baten bezperan, eta Arloko Maharik deitu gabe sei hilabete eman ondoren, Gobernuak bilerara deitu gaitu guztiz faltsua den normaltasun itxura ematen saiatzeko.

Alabaina, ez dira gauza izan gutxieneko errespetuzko arauak ere gordetzeko:
11 gai ezin dira goiz bakar batean aztertu; areago, aurretiaz dokumentaziorik helarazi ezean. Jarrera honek agerian uzten du Gobernuaren negoziaziorako borondaterik eza, nagusikeria, eta administrazioko langile guztiokiko eta ordezkariekiko errespetu falta.

Gauzak horrela, ELA, LAB eta UGT bilera honetara joan gara, langileontzat interesekoa den informazioa jasotzera soilik, ez baita ezer negoziatzeko deitutako bilera bat, Gobernuaren antzezkizun hutsa baizik.
Izan ere, Gobernu honek:

  1. Legealdiko bi urteetan ez du borondaterik, ez gaitasunik erakutsi akordio bakar bat ere lortzeko.

  2. Sarritan, bere asmoak prentsari jakinarazten dizkio, langileen ordezkarioi azaldu aurretik.

  3. Negoziazio” Mahaiak erabiltzen dituzte negoziatzeko borondatea dutelako itxura emateko, baina ez daude ezertxo ere negoziatzeko prest.


Azken batean, Gobernu honek orain arte agerian utzi duena, kudeaketarako eta negoziaziorako erabateko gaitasunik eza da.

Hortaz, langile guztei dei egiten die Gobernu honen negoziaziorako borondaterik eza, gaitasunik eza, eta harrokeria eta ezartzen dizkiguten murrizketak salatzen jarraitzera.