Eusko Jaurlaritzak gaixorik zegoen funtzionario bati 13.000tik gora euro kendu zizkion

2014/04/24
Eusko Jaurlaritzak soldataz diskriminatzen ditu Justizia Administrazioko bere funtzionarioak, sei hilabetetik gorako bajetan.

Ondorio hori atera daiteke, behintzat, Donostiako Administrazioarekiko Auzietako 1 zk.ko Epaitegiaren 2014ko martxoaren 24ko Epaitik. Funtzionario batek, ELAren ordezkaritzaren eta defentsaren pean, demanda aurkeztu zuen; eta orain Eusko Jaurlaritza kondenatu dute 13.000 eurotik gora itzultzera.

Epaitegi desberdinek epai kontrajarriak eman ostean, Auzitegi Gorenak lege-doktrina finkatu zuen epai baten bidez 2011n. Harez gero, aldi baterako ezintasunaren egoeran dauden Justizia Administrazioko funtzionarioen lansariei buruz egon litezkeen zalantzak argitu dira. Horren inguruko arauak eta jarraibideak aintzat harturik, sei hilabetetik gorako bajetan soldata %100 osatu behar duena Eusko Jaurlaritza zen, eta da; Euskal Administrazioko beste sektoreetako funtzionarioekin egin izan duen bezala.

Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzak ez du aldatu bere diskriminaziozko irizpidea Justiziako langileen kidegoarekiko, eta eraginpeko funtzionarioek auzitara jotzera beharturik daude.

2012an ere Eusko Jaurlaritzako Justizia Sail hori bera kondenatua izan zen epaitegietan Justizia Administrazioko funtzionario bat, sexua dela-eta, diskriminatzeagatik. Betiko kontua da.

Eusko Jaurlaritzak diskriminatzen du, eta eskubideak mugatu. ELAn jarraitzen dugu langileak mobilizaziora deitzen, lapurretak itzularazteko, eta murrizketa berriak eragozteko. Hor aurrean dugu Erregistro Zibila pribatizatzeko mehatxua.