Nafarroako Zahar Egoitzak

ELAk dio proposamena ez dela nahikoa ez dituelako jasotzen aldarrikatutako hainbat neurri

2026/04/17
ELAk dio proposamena ez dela nahikoa ez dituelako jasotzen aldarrikatutako hainbat neurri
Besteak beste, gaixotzen diren langileak zigortzen ditu eta patronalei aukera zabalak eskeintzen dizkio hitzarmena aplikatu ez dezaten. ELAk, hurrengo mahairako sindikatuaren aldarrikapenak onartzea eskatu die patronalei, eta hala ez bada, ez du hitzarmena sinatuko.

22 greba egun baino gehiago egin ostean, mobilizazio ugariren ondoren, eta 3.600 sinadura baino gehiago aurkeztu eta gero Instituzioei, gaur aspaldiko partez Nafarroako erresidentzien mahai negoziatzailea bildu da. Tamalez, gaur ikusi duguna espero genuen eta langileentzat ez-nahikoa den proposamen bat helarazi zaigu.

ELAk urteak daramatza Nafarroan sektoreko langileentzako eduki minimo zehatzak aldarrikatzen: hileko 1.500 euroko soldatak, urteko 1.592 orduko lanaldia, aldi baterako ezintasuneko bajen osagarria % 100eraino kontingentzia arruntetan, eta hitzarmena egoitza guztietan aplikatzekoa izatea. Izan ere, zaintza lanak aitortu eta baloratu behar dira lan baldintzen hobekuntzarekin. Gaur jaso dugun proposamena aldarrikapen horietatik urrun dago.

Lehenik eta behin, gaur azaldutako proposamenean, hitzarmenaren aplikazioa patronal eta Gobernuaren arteko akordioari baldintzatua dago. Haien artean akordiorik egongo ez balitz – edo momenturen batean akordio hori aldatuko balitz -, hitzarmenak automatikoki indarra galduko luke. Soldata igoerak, bestalde, ez dute atzeraeraginezko efekturik. Kasurik onenean, betiere patronal eta Gobernuaren artean akordioa egongo balitz, 2026ko azarotik aurrera aplikatuko lirateke proposameneko soldatak. ELArentzat ezinbestekoa da hitzarmenaren aplikazioa bermatua egotea, Gobernuan nor dagoen eta patronalekin daukan harremana dena delako izanda ere. 

Honez gain, helarazi diguten proposamenean, kontingentzia arruntetan aldi baterako ezintasunagatiko bajen osagarriak murriztu egiten dira langilea bajan dagoen aldiaren arabera. Hau da, hirugarren bajan ia ez da osatuko baja, eta ELArentzat horrek kalteberatasun handieneko egoeran dauden langileak zigortzea dakar. 

Sindikatuak defendatzen du hitzarmen bat sinatzea dela langileen bizitza hobetzeko modua. Ondorioz, moementuko proposamena eskutan izanda, ELAk ez du sinatuko langileek orain arte borrokatu duten edukiak jaitsi edo erlatibizatuko dituen hitzarmenik. Eta are gehiago, Patronalei eta Nafarroako Gobernuari dei egiten diogu beste proposamen hobe bat ekartzeko hurrengo mahaira. Era berean, gainontzeko sindikatuei ere hitzarmena ez sinatzeko deialdia egin nahi die ELAk, orain baita momentua presioa areagotzeko eta edukiak hobetzeko. Benetan zaintza langileen lan baldintzak hobetu nahi badira, ezinbestekoa delako proposamen egokiago bat. 

Sindikatuak mobilizazioekin eta grebekin jarraituko du, langileen baldintzak hobetuko dituen eta, azken finean, zaintza sistema ere hobetuko duen hitzarmen bat lortu arte.