IRUNGO UDALA

Elkarretaratzea azken epai euskarafoboa salatzeko

2025/11/26
Elkarretaratzea azken epai euskarafoboa salatzeko

Euskararen kontrako oldarraldiak ez du etenik. Irungo Udaleko epai euskarafoboa izan da azkena. Honen arabera, justiziaren aurkakoa da herritarren eskubideak parekatzea eta udaltzaingoaren barruan eman den barne promozioa atzera botatzen du euskara eskakizuna dutelako. ELAk administrazioa euskalduntzeko proposamen zehatzak mahai gainean jarri baditu ere, Irungo Udalak ez du plan eraginkorrik martxan jarri.

Hego Euskal Herriko administrazioak eratu zirela 40 urte igarota, sektore publikoko langileek eta herritarrek ez dute hautazko hizkuntzan zerbitzua bermaturik; soilik gaztelaniazko zerbitzua bermatzen da. Egun indarrean dagoen araudiarekin langile eta herritar euskaldunak bigarren mailako herritarrak dira. ELAren iritziz, bada garaia bi hizkuntzek estatus juridiko bera izan dezaten eta euskarak gaztelaniaren menpeko hizkuntza izateari utz diezaion. Espainiako epaitegi eta sindikatuak nahiz alderdi politikoak oldarraldi betean ari dira euskara bigarren mailako hizkuntza izan dadin eta gaztelaniaren inposaketa normalizatzeko. Hizkuntza eskubideak lanarekin kontrajarria bailira bezala argudiatzen dute. Alderdi eta sindikatu horiek dira behin-behineko langileen egoeraren arduradun.

ELAk egonkortu nahi ditu langile horiek, eta hizkuntza eskubideak errespetatu, arrazoizko epeak ezarrita administrazioak erabat euskaldundu daitezkeelako; baita egun euskara ezagutu gabe lanean ari diren langile guztiak kontuan hartuta ere, batzuei erretiroa hartzen utzita eta besteei ikasteko aukera errealak eskainita.