ELAri arrazoia eman dio justiziak, patronalek eskola orduaren murrizketa aplikatu beharko dute
Urtarrilaren 20an izan zen eskola orduaren inguruko epaiketa. Aste bete eskas beranduago EAEko Auzitegi Nagusiak epaia eman du. Ebatzi du greba amaierako akordioan adostutako eskola orduaren murrizketa aplikatu behar dutela Gizarte Ekimeneko ikastetxeek, patronalek emandako jarribideen kontra eta sinatutako akordioa betez.
Urtarrilaren 20an, epaiketa egunean, langileek greba ere egin zuten ELAk deituta. Bertan patronalei eskatu zieten akordioa osotasunean bete zezatela, eskola orduaren murrizketa barne, eta adostutako edukiak hitzarmen batean jaso zitzatela.
Epaia ezagutu bezain pronto ELAk mahai negoziatzailea deitu du. Deialdia datorren asterako egin du. Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei eskatzen die auzia gehiago luzatu gabe eskola orduaren inguruko epaia bete dezatela, akordioan sinatutako gainerako edukiak ere bete ditzatela eta adostutakoak hitzarmen batean jaso ditzatela.
ELAk gogoratu nahi du bi urte igaro direla greba amaierako akordioa sinatu zenetik. Baita ordutik patronalak jarraitzen ari diren estrategia onartezina dela ere. Adostutako hainbat atal ez dituzte bete, eta langileak etengabe epaitegietara jotzera behartzen ari dira. Gauzak horrela, adostutako materia horiek denbora luzez ez dira betetzen ari. Adostutako edukiak hitzarmen batean jaso gabe jarraitzen dute, gainera. 16 negoziazio mahai izan dira gehienak ELAren ekimenez. Bertan adostutako edukiak bernegoziatzen saiatu dira etengabe, adostutakoa merketu asmoz.
Soldatak adostutako epean ordaintzen hasteko epaitegietara jotzera behartu zituzten langileak eta orduan ere EAEko auzitegi nagusiak sindikatuei eman zien arrazoia, patronalak ordainketa egitera zigortuz. Hala ere, zenbait konplementuk eguneratuta ordaindu gabe jarraitzen dute.
Denbora honetan guztian zehar Eusko jaurlaritzaren utzikeraia salatzen du ELAk. Bost alditan eskatu diogu biltzeko, 3 alditan gainerako sindikatuekin batera eta beste bitan ELAk berak. Ez digu erantzun ere egin.
ELAk Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei jarrera aldaketa eskatzen die; ia bi urtez luzatzen ari den estrategiari amaiera eman diezaiotela, akordioa bete eta hitzarmenean jaso dezatela eskatzen die. Horrela izan ezean ELAk grebaren bidea indartzeko deia egingo du.