Osasungintza publikoan ere badira pisuzko arrazoiak martxoaren 17an greba orokorra egiteko
ELAk eta LABek uste dute Gutxieneko Soldata propioa aldarrikatzea -martxoaren 17ko greba orokorraren aldarrikapena-tresna estrategikoa dela soldaten igoera orokorra bultzatzeko, Osakidetzarena bezalako hitzarmenak desblokeatzeko, prekaritateari mugak jartzeko, eta langileen lan baldintzak berton erabakitzeko.
Hortaz, sindikatuek uste dute ezinbestekoa dela Osakidetzan ere grebarekin bat egitea. Izan ere, osasun sistema publikoan15 urte baino gehiago daramatzate hitzarmenik gabe (Akordio Arautzailea). Denbora horretan, langileek erosahalmena galdu dute, lan baldintzak prekarizatu egin dira eta negoziazio kolektiboa blokeatuta dago. Egoera horrek bereziki eragin die egoera prekarioan dauden langileei. Izan ere, Osakidetzan ere badira 1.500 euroko soldatatik oso hurbil dauden kategoriak, eta horri erosahalmenaren % 20ko galera metatua gehitu behar zaio.
Diotenez, egoera hori ez da kasualitatea, borondate politikorik ezaren eta azken urteotan egindako politiken ondorio zuzena baizik. Horregatik, 2026an hitzarmen berri baten negoziazioa premiazkoa eta ezinbestekoa dela uste dute, eta mobilizaziorik gabe ez dela iritsiko.
"Langile publikoen lan baldintzak Madrildik inposatzen dira, eta hemen eztabaida demokratikoari uko egiten zaio. Inposaketa horiei aurre egiteko, langileek tresna kolektibo eraginkorra dute: greba ", adierazi dute ELAk eta LABek.
Gaineratu dutenez, euskal erakundeek, bereziki Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzako Zuzendaritzak, ez dute beren eskumenak baliatzeko borondaterik erakutsi. Are gehiago, azpimarratu dutenez, "Madril aitzakia ezin hobea bihurtu da bere politikak justifikatzeko".
"Gure agintariak Madrilera begira daude, beren erantzukizunak onartu beharrean. Lan harremanen estatalizazioak kolektiboak zuzenean pairatzen duen prekarizazioa dakar ", deitoratu dute.
Horregatik guztiagatik, ezinbestekotzat jotzen dute gai horiek agenda politikoan sartzea. "Egungo aritmetika parlamentarioa ikusita, euskal alderdi politikoek lehentasuna eman behar diete gai horiei, Madrilgo Kongresuko botoen truke", ondorioztatu dute.