EAEko Irakaskuntzarako lanpostuen eskaintza ez da nahikoa

2016/12/23
Hezkuntza Mahai Sektorialean egindako 818 lanpostuen eskaintzak ez dio erantzuten hezkuntza publikoan dagoen %37ko behin-behinekotasun tasari. Egindako eskaintzarekin Hezkuntza Sailaren prekarietatearen aldeko apustua mantenduko da.

 

Gaur Hezkuntzako Mahai Sektoriala izan dugu Gasteizen. Bileran Gobernuak 818 lanpostutako EPE bat eskaini du. Zehazki, Lanbide Heziketako 124 lanpostu, maisu/maistren 503 lanpostu eta Bigarren Hezkuntzako 191 lanpostu eskainiko dituzte. Horietatik 65 (eskainitako lanpostuen %8) gainera 1go Hizkuntza Eskakizunekoak. 

Hezkuntza Publikoan %37ko behin-behinekotasuna daukagu. Zehazki, 9.165 behin-behineko langile ari dira etengabean lanean.

Kopuru izugarri horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak eginiko eskaintza bakarra erretiroa hartzen duten irakasleen lanpostuak betetzea da, hau da, praktikan EPE honen ondoren behin-behinekotasuna ez da jaitsiko.

Gainera 1go Hizkuntza Eskakizuneko lanpostuak eskaintzea atzerapausoa da hezkuntza sistemaren euskalduntzean. 

ELAren ustez EPE eskaintza honek argi erakusten du Eusko Jaurlaritzak eremu publikoan prekarietatearen alde eginiko apustua. Are salagarriago iruditzen zaigu erabaki hau Europatik heldu diren epai ezberdinen testuinguruan. Kontrako epaiak jaso arren Eusko Jaurlaritzak ez du ezer konpontzeko borondaterik.

ELAk behin baino gehiagotan dei egin dio Eusko Jaurlaritzari sakoneko arazo hau konpontzeko negoziazioa ireki dezan. Hezkuntza Sailari ere zuzenean eskatu diogu negoziaketa ireki dezan.

Negoziaketa prozesu bat ireki ordez Hezkuntza Sailak EPE irrigarri hau inposatu du. ELAk salatu egin nahi du gaurkoa ez dela negoziaketa mahaia izan, Eusko Jaurlaritzak EPE itxi bat aurkeztu du eta sindikatuoi inposatu egin digu. Honen aurrean, erreklamazio judizialak egiten jarraitzea beste erremediorik ez dugu izango.

Berriz ere, Eusko Jaurlaritzari negoziaketarako dei egiten diogu. Gure sindikatuak prekarietatea akabatzeko proposamen bat luzatu eta negoziatu nahi du.