LABek, CCOOek eta UGTk Adegiri nahi zuen hitzarmena eman diote
Atzo, hilak 16, Gipuzkoako Arte Grafikoetako Hitzarmen sektorialaren mahaia bildu zen. Bileraren xedea berez zen Rajoyren Erreformako malgutasuna mugatzeko proposamenak zehaztea, baina halakorik ez zen aipatu. Bilera hasieran Adegik proposamen bat egin zuen, eta honekin bat etorri ziren LAB, CCOO eta UGT.
ELAren iritziz, hiru urteko iraupena duen proposamenak ez du gure erreibindikazio bat ere aintzat hartzen, ez soldatetan, ezta hitzarmen sektorialek Erreforma Laboralaren eragina mugatzeko duten aukerei dagokienez ere.
SOLDATAK: EROSTEKO AHALMENA %2,1 JAITSIKO DA
2013ko soldata igoera urte bereko KPIaren %25 izango da; honek esan nahi du erosteko ahalmenaren %2,1 galduko dela. 2014 eta 2015rako igoera KPI adinekoa izango da (%0,3 lehen urtean).
Sektoreko langileen soldata errealetan ez da inolako igoerarik izango, hots, adostutako hobekuntza txikiak ia ez du eraginik izango. Sektoreko ia soldata guztiak taulen gainetik daude, eta horrenbestez, igoerarik ez da aplikatuko kasu gehienetan.
Patronala ia hutsean dagoen KPI batez baliatzen da sinetsarazteko soldatetan ahalegina egiten ari dela, baina hau ez da inola ere kasua.
ERREFORMA LABORALAREN AURKAKO BLINDAJEA
-
INAPLIKAZIOA: HITZARMENA EZ APLIKATZEKO AUKERA DAGO
-
Gipuzkoako Papergintzako 2012ko hitzarmenean sinatu zen testua hartu da arte grafikoetarako. Hala Adegik (jendaurrean aitortu duenez), nola sinatu duten sindikatuek, guztiek badakite azken bi urteotako lege-aldaketen ondorioz klausula horrek ez duela eragozten enpresek hitzarmena ez aplikatzeko aukera. Eusko Jaurlaritzak sortu duen Orpricce batzordeak nahiz Batzorde Nazional Kontsultiboari eman dizkioten eskumen berriek indar juridikorik gabe utzi dute bere garaian balekoa zen klausula hura.
-
-
ULTRAAKTIBITATEA: AIPATU ERE EZ
-
Arte Grafikoen Hitzarmenak muga jakinik gabeko iraupena du, baina bere eranskinek, soldata-taulek barne, aldeek adosten duten iraupena izango dute. Adegiren arabera, soldata-taulen ultraaktibitatea Erreforma Laboralak ezarri zuen urtebeteko epera mugatzen da. LABek, CCOOek eta UGTk eztabaida honi iskin egin diote, eta ultraaktibitatea ez dute aipatu ere egiten; beldur gara patronalak akordioa betetzen ez duen kasuetan hitzarmena ez ote den judizializatuko.
-
Gogoratu beharra dago erreforma laboralaren aurretik Adegik hitzarmenen ultraaktibitatea ezabatu nahi zuela; honek Metalaren sektorean zazpi eguneko greba ekarri zuen, eta borrokari esker patronalak men egitea lortu ahal izan genuen.
-
-
HITZARMEN ESTATALETIK ETA ENPRESETATIK GIPUZKOAKO HITZARMENA HUSTEKO AUKERA DAGO
-
Hitzarmeneko edukiez gainera, badago kritikatzeko beste konturik, esaterako, LABen, CCOOen eta UGTren desinformazio estrategia hitzarmen probintzialen egungo izaerari buruz. Eduki onak eta Erreforma Laborala mugatzeko klausulak sinatuta ere (ez da Arte Grafikoen kasua), hitzarmen probintziala ez da derrigor bete beharreko minimo bat, legeak Hitzarmen Estatalari lehentasuna ematen baitio, baita edukiz okerragoak diren Enpresa-Hitzarmenak sinatzeko aukera eskaini ere. Langileei errealitate hau ezkutatu nahi izatea arduragabekeria handia da. Estrategia bada beteko ez diren hitzarmenak sinatzea, Erreforma Laboralari onespena emango diote, hori baitzen bere helburua.
-