Kontratazioan dagoen lege-iruzurraren aurkako txoke-plana eskatu dio ELAk Eusko Jaurlaritzari
Sailburuak ELAri bere sailaren egitura azaldu dio. Gobernu berrian egin den sail banaketa dela eta, sindikatuko ordezkariek esan diote sailburuari inola ere ez datozela bat Lan eta Enplegu sailak banatzearekin. Banaketa hau ez da eragingarria, eta arrazoi bakarra sail berriak sartzea izan da, hartara gobernukide berriak, PSE-EEk, lekua izan dezan.
ELAk sailburu berriari jakinarazi dio zer deritzon EAJ-PSE Gobernu Akordioari, baita azken bi legegintzaldietan gertatu denari ere (Lopez eta Urkulluren gobernu aldiak). Sindikatuaren ustez, gobernuak ezartzen dituen politika ortodoxo neoliberalek ezinezkoa egiten dute gizarte-politikak garatzea, eta horrenbestez, baita elkarrizketa soziala ere. Guri eragiten diguten erabaki guztiak gobernuak hartzen ditu, batzutan patronalaren partaidetzarekin, baina betiere langile-klasearen interesen kaltetan; haatik, elkarrizketa sozialeko mahaiak babestu egiten ditu haiek, esaterako, Jaurlaritzak DSBEari buruz hartu duen aldebakarreko erabakia.
Halaber, ELAk San Jose sailburuari hainbat gairi buruzko iritzia eman dio: batetik, azken urteetan inposatu izan diren lan-baldintza miserableen ondorioz duen kezka handia; negoziazio kolektiboaz duen ikuspuntuaren berri eman dio, arlo pribatuan zein publikoan (eta enpresa azpikontratatuetan); soldatak jaitsiarazteko egin diren lan erreformek izan dituzten eragin latzak; negoziazioan patronalak duen pribilegiozko kokapena, eta Eusko Jaurlaritzak ugazaben posizio guztiei ematen dien babesa, mugimendu sindikala traba gertatzen den enpresa eredua barne.
ELAk Lan sailburuari azaldu dio Eusko Jaurlaritzak duen jarrera antisindikala, autonomia sindikalarekiko agertzen duen intolerantzia eta eremu sindikalean joko-arauak hausteko erabakiari eman dion babesa. Hain zuzen, San Joseri gogorarazi diogu joan den legegintzaldian Urkullu Lehendakariak ez zuela sindikatu honekin bildu nahi izan, eskatu zionean.
Sail honek dituen eskumen urriak aztertuta, ELAk uste du sailburuak premiaz bi txoke-plan egin behar dituela: bata, kontratazioan dagoen lege-iruzurraren aurkakoa, hau oso hedatuta baitago, eta bestea, enpresetan lan segurtasun eta osasun planak bete daitezela exijitzeko. EAEn joan den urtean 40tik gora pertsona hil dira lan istripuetan.