ELAk ohartarazi dio Eusko Jaurlaritzari arau demokratikoak arbuiatzea larria dela
Adierazpen horiek Adolfo Muñoz “Txiki” idazkari nagusiak egin ditu sindikatuak gaur goizean eman duen prentsaurrekoan, azpikontratazio publikoaren esparruetako greben berri emateko zen prentsaurrekoan.
Muñozek esan duenez “ez da komeni zidor antidemokratikoetatik joatea. Gobernu demokratiko batek hauteskunde sindikalen emaitzak errespetatu behar ditu”.
Bestalde, ELAk argitu du bere jarrera Lanbideen arteko Akordioaren inguruan. “Ez da egia –azpimarratu du Muñozek– Confebasken asmoa negoziazio kolektiboa Lanbideen arteko Akordio batez blindatzea denik; Confebasken asmoa sindikatuei bake soziala errespetaraztea da enpresetan eta sektoreetan. Patronalaren asmo horri ELAk ezetz erantzun zion. Gogoratu beharrekoa da patronalaren gutxiespena 2013ko uztailean Urkullu lehendakariak berak egin zuen proposamenarekiko. Patronalaren erantzunean argi geratu zen bake sozialaren eskakizun tinkoa”.
Azkenik ELAk adierazi duenez eraginkortasun mugatuko akordioak garatzeak ez du inola mugatuko patronalaren, CCOOen eta UGTren estatalizazio-estrategia, Madrilen gauzatu nahi dutena. Horixe da, ELAren iritziz, Angel Toñak euskal demokraziari egin dion ekarpena: gehiengo sindikalak gutxiestea.