Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordea (PISA txostena)

ELAk ratio hobekuntzak, talde egonkorrak, digitalizazio arduratsua eta euskarazko murgiltze eredua aldarrikatu ditu

2026/10/27
ELAk ratio hobekuntzak, talde egonkorrak, digitalizazio arduratsua eta euskarazko murgiltze eredua aldarrikatu ditu
2027rako aurrekontuen eztabaida datorrela gogorarazi du eta hezkuntza inbertsioa handitzeko unea dela adierazi du.

Gaur, ELA Legebiltzarrean izan da. PISA azterketaren emaitzen harira, sindikatua Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordera deitu dute.

Agerraldian, ELAk adierazi du EAEko hezkuntza-sistemaren arazoak ezagunak direla, baita irtenbideek zer norabide izan beharko luketen ere. Sindikatuak honako neurri hauek aldarrikatu ditu: euskalduntzea indartzeko, euskararen presentzia handitzea; aniztasunari erantzuteko, baliabide gehiago eta politika sozial indartsuagoak ezartzea; ratioak hobetzea; eta teknologia berrien aurrean, digitalizazio etikoagoa eta arduratsuagoa sustatzea. Horretarako, hezkuntzako inbertsioa handitzea eskatu du.

2027rako EAEko aurrekontuen eztabaida hastear dago. ELAk gogorarazi du hezkuntzan egiten den inbertsioak pisua galtzen duela urtez urte. Hala, Hezkuntza Sailaren aurrekontua BPGaren % 4,09 izatetik (2021ean) % 3,90 izatera jaitsi zen 2023an; 2024an, % 3,97koa izan zen; 2025ean, % 3,81ekoa; eta 2026an, % 3,57koa.

ELAk beharrezkotzat jo du 2023ko Hezkuntza Legea eta 2025eko irakasle publikoen lan-baldintzei buruzko akordioa sakon aldatzea. Gogorarazi du greba-dinamika garrantzitsuak babestu zituen arren, bere aldarrikapenak ez zirela jaso ez legean, ez akordioan. Horregatik, aldaketak beharrezkotzat jo ditu, lan-baldintza egokiak izango dituen hezkuntza-sistema propioa, publikoa, ez-segregatzailea eta euskalduna eraikitzeko.

Zehazki, honako proposamen hauek egin ditu ELAk Legebiltzarrean:

• Hiru sareetan banatutako hezkuntza-sistema gainditzea.
• Euskarazko murgiltze-eredua ezartzea.
• Hezkuntzan teknologia berriak modu arduratsu eta burujabean erabiltzea.
• Ratioak jaistea eta plantillak egonkortzea.
• Hezkuntzako inbertsioa BPGaren % 6ra hurbiltzea, Europako batezbestekoarekin parekatzeko.

ELAk agerraldia amaitzeko, urriaren 21ean Bizkaiko Psikologoen Elkargoak eta EHUk irakasleen ongizate emozionalari buruz egiten ari diren ikerketaren lehen emaitzetatik ateratako ondorio bat aipatu du:

“
Datuek argi uzten dute kolektiboa konprometituta dagoela, prestakuntza profesional sendoa duela eta irakaskuntzaren erronkei aurre egiteko gaitasuna duela. Kontua ez da irakasleak prestatuta dauden ala ez, baizik eta lana ahalik eta baldintzarik onenetan egiteko beharrezko baliabideak eta laguntzak dituzten”.