Jaurlaritzak ukatu egiten du ELAren Herri-Ekimena eztabaidatzeko aukera
HEL honen xedea, Administrazioen azpikontratetan klausula batzuk jasotzea, lan-baldintzak erabat hondatzea saihesteko (hitzarmena aplikatzeko bermea, enpresa aldatuz gero subrogazio laborala eta zigorrak araua hausten duten enpresei).
Ukapena justifikatzeko argudioa (gai batzuk auzibidean daudela) ezin onartukoa da, gure ustez, eta mespretxua adierazten du, batetik ELAko militanteekiko eta sinatu duten guztiekiko, baina baita Legebiltzarrarekiko ere, ukatu egiten baitzaio ekimen gai honi buruz eztabaidatzeko eta erabakitzeko aukera. Harrigarria da argudio hori erabiltzea nork eta autogobernuari buruz hitz egiteko batzorde parlamentarioa bultzatu berri duenak. Ez al dago autogobernuaren inguruko hainbat gai auzitegietan epaiaren zain? Ez al daude errekurtsoak sartuta Auzitegi Konstituzionalean? Adarra jotzen ari zaizkigula uste dugu. Nabarmena da beste arrazoi batzuk daudela benetan erabaki horren atzean. Legebiltzarrak, gobernuaren arabera, eztabaidatu eta erabaki ezin badu, zein da bere eginkizuna?
Gure ustez, eztabaida ukatzearen zergatia beste bat da: Jaurlaritzak ez du nahi aztertzerik azpikontraten esparruan zergatik prekarietatea gero eta handiagoa den, ezta zenbat enplegu suntsitzen ari den ere.
ELAk nabarmendu nahi du gobernuak zein unetan asmatu duen honelako argudio xelebrea. Ez dago eskubiderik sinadurak biltzeko lana burututa dagoenean egiteko. Ez da onargarria lan sindikala bost axola izatea.
Urkulluren lantaldea Elkarrizketa Soziaeko Mahaiaren proposamena aurrera atera nahian dagoen uneotan, HELari buruzko erabakiak agerian uzten du eztabaida garrantzitsuak debekatuta daudela. Agerikoa da Administrazioak aurrekontuak mozteko erabiltzen ari diren bideetako bat dela lan-baldintzak okertzea. Bada, horri buruz gobernuaren elkarrizketa soziala halakoa da: Legebiltzarrari ere ukatu egiten zaio eztabaidarako eskubidea.
ELAk Legebiltzarreko beste taldeei eskatzen Jaurlaritza bakarrik utz dezatela datorren ostegueko osoko bilkuran, hilak 26, bozkatuko den gai honetan, eta aldarrika dezatela Legebiltzarraren eskubidea gai hauek eztabaidatu eta arautzeko.