ELAk Fiskaltzan salaketa bat aurkeztu du opor fiskalengatiko ardurak iker ditzan

2014/07/08
ELAk txosten bat egin du bere garaian Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako Aldundiek hartu zuten erabakiari buruz: Ez betetzea europar auzitegien epaia, “opor fiskalak” izan zirenean emandako laguntzak berreskuratzera behartzen zuena. Txostena EAEko Justizia Goi-Auzitegiko Fiskalburuari helarazi zaio, gaia ikertzen hasteko eskariarekin.

ZER ZIGORTU DUTE?

  • Ez dute zigortu bere garaian opor fiskalak ematea erabaki izana. Isuna beste zerbaitegatik dator: Europar auzitegi baten erabakia, zeinaren arabera 2001rako laguntza haiek berreskuratu beharra zegoen, ez betetzeagatik. Beraz, agindu judizial bat bete ez izana zigortzen da.

  • Ogasunek epaia betetzea 2.500 egunez atzeratu zuten. Bitartean, besteak beste, agintari europarrei gezurra esan zieten esanaz “berreskuratuta zeudela”.

NORK ERABAKI ZUEN EZ BETETZEA?

  • Agindua ez betetzeko erabaki hura hiru Aldundietako Ogasunetako arduradunek hartu zuten, Confebaskek eskatuta. Gure iritziz, erabakia bi aldeen artean hitzartu zen: Confebask eta Ogasunak.

BA AL DAGO ARDURARIK?

  • ELAren ustez, hori egitea erabaki zutenek beren gain hartu beharko lukete gertatu denaren ardura politikoa.

  • Ez da berriro gertatu behar guztiok kolektiboki ordaintzea pertsona gutxi batzuren jokabide maltzurra. Ezin da onartu diru publikoz ordaintzea 30 milioiko isuna, gehi kostu judizialak. Kontutan izan behar da Eusko Jaurlaritzak urtetan 17 milioi euro baino ez duela jarri Gizarte-Larrialdietako Laguntzetarako, eta kopuru hau aldioro ekitaldi erdirako amaituta zegoela, beharrean zegoen biztanleria diru-sarrera horiek gabe geratzen zelarik.

ZEIN ALTERNATIBA PROPOSATU DU ELAK?

  • ELAk irtenbide bat proposatu du: Sozietateen Zergan errekargu bat ezartzea. Ogasunek hau ez dute aintzat hartu, eta batak besteari errua botaka ibili dira, Jaurlaritzari eta Foru-Ogasunei zenbat ordaintzea dagokien eztabaidatzen. Bi hipotesietan, dena dela, azkenean betikook ordainduko genuke, batik bat langileok.

HONEK AGERIAN UZTEN DU FISKALITATEA NOLA ERABAKITZEN DEN

  • ELAk salatu duenez, fiskalitatea errenta altuen, enpresen eta kapitalaren mesederako taxutu da, erabat gardentasunik eta parte hartze sozialik gabeko sistema ilun baten baitan. Opor fiskalen auzian egindako kudeaketak berretsi egiten du hau.

  • ELAk hau dena salatzeko kanpainak egin ditu. Erakundeetako arduradunek baiesten dutenaren aurka, pairatzen dugun arazoaren zergatia ez da gehiegizko gastu publikoa (Europako azken postuetan gaudelarik), deskapitalizazio publikoa baizik; bere jatorrian, zerga-sistema bidegabea, europar batez besteko mailatik 7 puntu beherago dagoena presio fiskalari dagokionez, horrek urtero 5.000 milioi euro gutxiago biltzea eragiten duelarik.

  • ELAk salatu du, halaber, joan-etorria jarraia dela Ogasunetako goi-karguen eta patronaletako zuzendaritzaren artean.

JUSTIZIARA JOTZEKO ERABAKIA

  • Gertakarien azterketa juridikoa egin ondoren, ELAk erabaki du EAEko Goi-Auzitegiko Fiskaltzan salaketa bat aurkeztea opor fiskalen isunagatiko ardurak iker ditzan. Hala egiten dugu ardurak argi daitezela eskatzeko, pairatzen dugun zerga-politiko bidegabea agerian uzteko eta politika publikoen definizioan gardentasuna eta parte hartze soziala aldarrikatzeko.

ELAko BATZORDE ERAGILEA