ELAk elkarretaratzeak egin ditu murrizketak salatzeko
ELAk elkarretaratzeak egin ditu Donostia, Gasteiz eta Bilboko Hezkuntza Sailaren ordezkaritzen aurrean, Hezkuntza Laguntzako Irakasleen (ALE) egoera salatzeko eta kolektibo horrek ikasleei eskaintzen dien zerbitzua defendatzeko.
Hainbat EHI/ALE lanpostu kendu dira eta datorren ikasturteari begira zerbitzuaren antolaketaren inguruko ziurgabetasuna handia da. ELAren arabera, ikasleei ematen zaien arreta zuzena antolatzeko ratioak ez ezartzeak eragin du zenbait irakaslek astean 50 ikasle baino gehiago artatu behar izatea.
Horrez gain, datorren ikasturtetik aurrera ALE irakasleek prebentzio funtzioa bete beharko dute, baina oraindik ez dira zehaztu egingo dituzten eginkizunak ezta lan horiek orain arteko esku-hartze zuzenarekin nola uztartuko diren ere.
ELAk ohartarazi du Hezkuntza Sailak datozen urteetan murriztu dezakeela arreta espezializatu hori jasotzeko eskubidea duen ikasleen profila. Horrek langileen baldintzak okertzeaz gain, ikasle zaurgarrienei zuzendutako hezkuntza baliabideak ere murriztuko lituzke. Egoera argitzeko eta bermeak eskatzeko, mahaia deitzea eskatu du.