ELAren Herritar Ekimen Legegileari esker prekarietateari buruzko debatea Eusko Legebiltzarrean sartuko da
Ekimenaren onarpena EH Bildu, PSE eta UPyDren aldeko botoei esker izan da posible; aldiz, EAJk eta PPk abstentzioa hautatu dute. Eusko Jaurlaritzak, Legebiltzarrari eztabaida egiteko aukera kendu nahian, aurkako txosten bat aurkeztu zuen, argudiatuz segurtasun gabezia juridikoa zuela ekimenean egiten den proposamenak. Segurtasun gabezia juridikoaren argudioa ontzat emanez gero, parlamentua bera ixtea litzateke onena, hainbat lege eta ekimen errekurritu baitu Rajoyren gobernuak.
ELAk nabarmendu egin du HELean jaso diren edukien garrantzia: subrogazioa, aplikatu beharreko hitzarmenak eta zigorrak -zerbitzua eteteraino- baldintza hauek betetzen ez dituen enpresentzat. Legebiltzarrak eta Jaurlaritzak aukera aparta dute prekarietate laborala beren finantzazioaren menpeko sektoreetan.
Aburto sailburuak badauka, honez gero, aldarrikatzen duena gauzatzeko beste aukera bat. Haatik, orain arte mantendu duen posizioak ez digu baikor izateko arrazoi handirik ematen. Aburtok elkarrizketa soziala dauka beti ahotan -ELArentzat hutsala den arren-, baina ez ditu eragin praktiko ukaezina duten neurriak hartu nahi, esaterako HEL honetan aipatzen diren modukoak. Hau al da Sailburuak elkarrizketa sozialerako prest omen duen orri zuria?.
Azkenik, gure esker ona adierazi nahi diegu, eta zorionak eman, HEL hau sinatu duten 110.000 pertsonei; eurei esker prekarietatearen debatea iritsi da Gasteizko ganberara. Gaurkoa beste urrats bat da prozesu luze batean; ELAk geldiezina izatea nahi duen prozesu horretan.