EAEko Ostalaritza sektorerako Akordio Marko bat sustatuko du ELAk

2016/09/09
EAEko ostalaritzan sindikatu nagusia den ELAk mahai bat eratzea bultzatu du sektorerako Akordio Marko bat negoziatzen hasteko. Akordio honen helburua da sektoreko negoziazioa egituratzea, hitzarmen probintzialak beste arau-markoetatik babesteko.

ELAk salatu egin du CCOOk eta UGTk negoziazio kolektiboan daramaten estrategia. Ostalaritzan eta sukaldaritza kolektiboan sindikatu horiek estatu mailako akordioak sinatu dituzte, zeinen arabera hitzarmen probintzialak edukiz hustuta geratuko liratekeen. Era berean, EAE mailan patronalarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin negoziazio kolektiboko akordioak iritsi ditu, negoziazio probintzialeko eremuak babestu ahal izateko. Hipokrisiazko jarrera hau salatu beharrekoa da.

Aipatutako hitzarmen estatalak sinatzearen kontua ez dago soilik non eta zer negoziatzen denarekin lotuta; aitzitik, hitzarmeneko edukien auzia ere hor dago. Esaterako, sukaldaritzako hitzarmen estatalaren arabera bertoko hitzarmen probintzialetako soldata ia %50 murriztuko litzateke, eta lanaldia batez beste 50 orduz luzatu.

Horregatik, aipatutako sindikatuak laguntzaile dituen gainbehera ekonomiko hori geldiarazteko, ELAk sektoreko patronalei eta sindikatuei dei egin die negoziatzen hasteko, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hitzarmen probintzialak lehenestearren, lehenago merkataritzan egin zen moduan.