IRAKASKUNTZA PUBLIKOA

Murgiltze ikastaroak mantentzeko sinadura bilketa abiarazi dute

2026/04/21
Murgiltze ikastaroak mantentzeko sinadura bilketa abiarazi dute
Hiru sindikatuek Hezkuntza Sailari galdegiten diote irakasleentzako euskarazko murgiltze ikastaroak mantentzea (R bidez eskainitakoak barne) langileen ordezkarien gehiengoarekin murgiltze ikastaroen diagnostikoa, indartzea eta dimentsionamendua adostu bitartean.

Hezkuntza Sailak IRALE programako R ikastaroak bertan behera utzi nahi dituen honetan, hiru sindikatuek hauxe eskatzen diote Hezkuntza Sailari: 

  • Irakasleentzako euskarazko murgiltze ikastaroak mantentzea (R bidez eskainitakoak barne) langileen ordezkarien gehiengoarekin murgiltze ikastaroen diagnostikoa, indartzea eta dimentsionamendua adostu bitartean.

  • Euskaran eta euskal kulturan ardaztutako formakuntzan egun dagoen beharra aitortzea, eta ikastaroak ez murriztea ikastetxeetako mikro formakuntzetara.

  • Murgiltze bidezko formakuntza honen irismena eta eragina hobetzeko neurriak langileen ordezkariekin jorratzea eta adostea.

  • Formakuntza molde hori bermatzeko, gutxienez orain arteko baliabideei eta inbertsioari eustea.

  • Euskaran ardaztutako formakuntza gaur egungo beharretara egokitzea eta indartzea, sindikatuekin negoziatuta.

Aldarrikapen hauek helburu, sinadura-bilketa batekin ekin diote dinamika mobilizatzaile bati; sinadura-bilketa apirilaren 21ean hasi eta apirilaren 30ean bukatuko da.

Euskararen egungo egoera larria da. Hizkuntza minorizatua izanik, erabilera, atxikimendua eta hizkuntza-gaitasuna beherantz doaz. Hala ere, egoera iraultzeko aukera badagoela azpimarratu dute sindikatuek.

Hezkuntzak erronka horri berak bakarrik erantzun ezin badio ere, sindikatuek ohartarazi dute hezkuntzarik gabe ezinezkoa izango dela. Horregatik, Euskal Herrirako euskaran ardaztutako hezkuntza sistema burujabea defendatzen dute, euskararen ezagutza eta erabilera bermatuko dituena eta euskal hiztun osoak heziko dituena, gizarte kohesionatu euskaldun baten alde. Horretarako, irakasleentzako euskaran eta euskal kulturan ardaztutako prestakuntza funtsezkotzat jotzen dute, irakasleak baitira ikasleen eta hezkuntza-sistemaren lorpenen eragile nagusiak.

Ezinbestekoa da euskararen ezagutzan, soziolinguistikan eta euskal kulturan eta horien guztien transmisioan trebatutako irakasleak izatea eta hauek etengabe formatzea. Hori izan baita urteetan, IRALEko R ikastaroen helburua.

Bestalde, sindikatuek salatu dute Hezkuntza Sailak sindikatuekiko gardentasunik gabe eta alde bakarretik hartu duela IRALEren R modalitateko ikastaroak 2026-27 ikasturtetik aurrera bertan behera uzteko erabakia.

Amaitzeko, sindikatuek gaineratu dute neurri eta baliabide berriak behar direla, baina horiek ezin dituztela daudenak ordezkatu, baizik eta daudenak osatu eta indartu behar direla.