Gamesak ez du betetzen hitzemandakoa Iruñeko 500 langileekin

2015/01/23
Gamesak ez du betetzen hitzemandakoa Iruñeko 500 langileekin
Gamesak ez du betetzen hitzemandakoa Iruñeko 500 langileekin, nahiz eta epai irmo bat aurka izan, eta milioika etekinak lortu. Enpresako langile anitzek galduko duten eroste-ahalmena %8,1ekoa izanen da.

Azken urteak lazgarriak izan dira Gamesa-Navarran, langileak ehunka kaleratu dira, erregulazioak egin eta lantegiak itxi ere bai. Baina hori gutxi balitz bezala, azken bi urteotan 100 milioi eurotik gora irabazi arren, eta egoera onbideratu dela eta berriz etekinen bidetik abiatu garela lau haizeetara aldarrikatu arren, ez dituzte beren konpromisoak bete nahi. Zuzenean langileak kaltetzen jarraitzen dute, eta zeharka Nafarroako gizartea.

Gamesak itun bat sinatu zuen Enpresa Batzordearekin, 2010, 2011 eta 2012 urteetarako, han jaso ziren soldata-igoerak bizitza-kostuaren igoera besterik ez ziren, KPI alegia. Gizalegez jokatu beharrean, eta itundutakoa bete beharrean, sinaturiko ituna ez betetzea erabaki zuten, eta ez zituzten gauzatu soldata-igoera horiek aipaturiko 3 urteetan. Gainera, hurrengo 3 urteetarako soldata-izozketa ere sartu zuen 2012ko bukaerako EEEan.

Enpresa Batzordeak erabaki zuen, orduan, Gamesa auzitara eramatea, eta lehen epaia irabazi zuen. Gamesak errekurritu zuen epaia, eta ebazpena berriz ere langileen aldekoa izan zen, eta Gamesak berriro errekurritu ez zuenez, irmo bihurtu zen epaia.

Hau da, Justiziak irmo ebatzi du Gamesak ez zuela bete sinaturiko ituna, soldata-igoerei dagokienez.

Epai horrek urrezko aukera eman zion enpresari azken urteotan konpainia berroneratzeko langileek egindako ahaleginak eskertzeko, eta ez aparteko deus egiten, lehendik hartutako konpromisoak betetzen baizik. Aipatu beharrekoa da Gamesak azken bi urteotan milioika etekinak atera dituela, auskako noren artean banatu direnak, baina ez –noski- gure artean.

Ez dute lekuko hori hartu nahi izan, eta KPI horien atzerakinak ez ordaintzea erabaki dute, 1.500.000 € inguru izanen dena. Hori langileon kaltetan izanen da, ez baitugu jasoko; eta Nafarroako Ogasunaren kaltetan, zegokien neurrian ez baitute tributatuko. Gure enpresako langile anitzek galduko duten eroste-ahalmena %8,1ekoa izanen da.

Enpresari eskatzen diogu berriz ere pentsatzeko, eta erabaki horretan atzera egiteko. Aukera paregabea da langileen ahaleginak saritzeko, legeari men eginez, hori baino errazagorik ez dago.