Nafarroako Hezkuntza Sailak ez du kalitatea eta lan baldintzak hobetzeko neurririk hartu nahi
ELAk salatzen du Hezkuntza departamentuak bere ardura diren kalitatea eta Lan Baldintzak hobetzeko neurriak zehazteari uko egiten diola. Sindikatuon bizkarrean uzten ditu bere eginkizunak eta gure aldarrikapen zilegiak mugatzeko eskatzen digu.
Hezkuntza sistema publikoaren kalitatea hobetzeko lan itunaren azken proposamenean berriro zehaztasuna, kalendarizazioa eta inbertsioa falta dira. Hori definitzea da Departamentuaren ardura. Ondoren hasiko litzateke negoziazio prozesua. Hori da ELA sindikatuak mahai sektorialetan tinko eskatu duena eta eskatzen jarraituko duena.
Nafarroako gobernuak erabakita du Hezkuntza Publikoan zenbat diru inbertituko duen (652 milloi 2018an, oraindik 2010ean baino 17 milioi gutxiago). Hortaz, erabaki du Hezkuntzan inbertsioa ez handitzea (ezin ahaztu Nafarroa Europako azken muturrean dagoela, BPGaren %3,2). Beraz, ezin izango dira murrizketak urte luzeetan leheneratu.
Horregatik, Solana kontseilariak hezkuntza kalitatea eta lan baldintzak hobetzeko neurriak mugatzeko eskatu die sindikatuei eta muga horien barnean sindikatuei zehazteko zer leheneratu nahi duten eta zer ez. Hori al da sindikatu baten ardura? Negoziazioa parametro hauetan jartzea iruzur hutsa da.
ELA sindikatuak prest jarraitzen du eta ezinbestekoa iruditzen zaio benetako negoziazioari eustea, baina funtsezkoa da aipatutako gutxieneko baldintzak betetzea.