Estatuko Aurrekontu Lege Proiektuak ez du eroste-ahalmena bermatzen eta enplegu publikoaren suntsiketa dakar

2018/03/15
ELAk eskatzen die euskal alderdi politikoei Estatuaren Aurrekontu Lege Proiektu horri babesik ez emateko eta azpimarratzen du Nafarroako Gobernuak eskainitako 2.137 lanpostuekin ez dela Europak ezarritako %8ko behin-behinekotasuna lortuko inondik inora

Administrazio Publikoetako Mahai Orokorraren asteazkeneko bileran Gobernuak zenbait neurri erakutsi die sindikatuei, Estatuaren 2018ko Aurrekontu Lege Proiektuan txertatu nahi dituenak. Neurri horiek, hain zuzen, joan den astean CCOO, UGT eta CSIF sindikatuekin adostu zituenak dira. ELAren iritziz, neurri horiek espainiar gobernuaren eta estatuko sindikatuen esku-hartze eta zentralizazio politikaren ildo beretik doaz. Eta enplegurako ez dira inola ere nahikoak, babesa ematen baitiote milioi erditik gora lanpostu publiko suntsitu duen austeritate politikari. Gainera, ez diote aurre egiten gure herriko enplegu publikoaren egoera larriari. Bestalde, ez dute barne hartzen eroste-ahalmenak azken urteotan galdu duen %15etik gorakoa berreskuratzea; aitzitik, galera handiagoa ekar lezakete, KPI ez baita bermatzen eta, areago, indize bera erreferentzia gisa hartzea alde batera utzi nahi da.

 

Enpleguari dagokionez, neurriek langileen gehikuntza eragotziko dute, eta gainera, sektore batzuetarako %75eko birjartze tasak aipatzen dira; ondorioz enplegu publiko gehiago suntsituko da. ELAk Nafarroako Gobernuari eskatzen dio %8ko behin-behinekotasuna lortzeko, oraingo %35eko tasatik urruti (administrazioetako bataz bestekoa) eta enplegua egonkortzeko, Europak ezarritako helburua lortzeko behar diren 6.000 plazatik gora eskaintzeko. ELAk salatu duenez, administrazio eta autonomia-erkidego bakoitzean zerbitzu publikoak antolatzeko ahalmena errespetatu beharrean, eta birjartze-tasak kendu beharrean, proposamen horrek %100eko birjartze-tasa, kasu onenean, ezartzen du. Birjartze tasa hori defizit, zor eta gastu-arauaren aginduak betetzen dituzten autonomia-erkidegoei onartuko baitzaie, betetzen ez dituztenei birjartze-tasa txikiagoekin zigortuko zaie. Beraz, lehentasuna zorra ordaintzeari eta gastu-arauari ematen zaio, ez kalitatezko zerbitzu publikoak izateari.

 

Horrenbestez, ELAk gaitzetsi egin du proposamen hori. Estatuko Gobernuari gure esparruko enplegua eta lan-baldintzak erabakitzeko eskubidea Nafarroako langile publiko eta herritarren esku uztea aldarrikatu du, gure herriak behar dituen zerbitzu publikoak erabakitzeko eskubidea. Eskainitako 2.137 lanpostuek ez dute inondik inora %8ra jaitsiko behin-behinekotasun tasa, eta beharrezkoa da, gainera, krisiaren aitzakiarekin suntsitutako plazak berriz sortzea. Honekin guztiarekin, ELAk uste du bai enpleguaren egonkortasuna eta bai zerbitzu publikoen kalitatearen hobekuntza 6.000 lanpostutik gorako EPEa eskainita etorriko liratekeela. Bileran egon diren Gasteiz eta Irunako Gobernuko kideei ELAk eskatu die eutsi diezaiotela beren autogobernu ahalmenari, eta Madrildik datozen aginduei itsu-itsuan jarrai ez diezaietela, neurri hauek lanpostuen suntsipena eragiteaz gain, %35 inguruko behin-behinekotasunaren tasak ekarri baitituzte. Hori horrela, ELAk Madrilen ordezkaritza duten alderdi politikoei galdegiten die ez dezatela proposamen hori babestu 2018ko Estatuaren Aurrekontu Orokorretan.

 

ELAk Gasteizko eta Iruñeko gobernuei eskatu die EPEak antolatzeari begirako negoziazioak berehala hasteko, aldi baterako enplegua finkatuko duten prozesuak abiarazteko, zerbitzuak pribatizatzeari eta azpikontratatzeari uzteko, negoziazio kolektiborako eskubidea aintzat hartzeko ―akordioak osorik betez―, eta galdutako eros-ahalmena zein murriztutako eskubideak berreskuratzeko.