Arabako Aldundia askatasun sindikalaren aurka

2014/05/23
Seme alaben zaintzarako eszedentzia duen langile bati hurrengo Ekainaren 12ko hauteskunde sindikaletan bozkatzeko aukera galerazi dio Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak.

Erabaki hau oso larria da izatez, baina administrazio publiko bat izanik hauteskunde sindikaletan langile baten bozkatzeko aukerari oztopoak jartzen dizkiona langile hau seme alaben zaintzarako eszedentzia egoeran egoteagatik, erabat onartezina da. Horrexegatik ELAk gai hau epaitegietara eramatea erabaki du.

Administrazio publikoek bai bertoko langilego mailan, bai gizarte mailan orohar, lana, familia eta bizitza pertsonalaren kontziliazioa bultzatu eta sustatzeko betebeharra daukate. Are gehiago emakume eta gizonezkoen arteko berdintasun erreal bat lortzeko helburu sozial eta instituzional bat izanik.

Genero berdintasunaren ikuspegitik, erreferente alternatiboak sortu eta fede oneko diskurtsoetatik haratago joan nahi badugu, langile bati hauteskunde sindikaletan bozkatzeko aukera kentzeak seme alaben zaintzarako eszedentzian egoteagatik kontrako efektua lortzen du. Lana eta familia uztartzeko neurri bat hartzea era honetan zigortzeak, oraindik gaur egun dirauen emakume eta gizonezkoen arteko ezberdintasunen eskema soziala erreproduzitzea suposatzen du.

Hau guztia dela eta, ELAk GOFEri exigitzen dio emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzeko bidean dagokion betebeharra bere gain hartu eta bete dezala , eta ondorioz seme alaben zaintzarako eszedentzia egoeran dagoen langilea hauteskunde erroldan sartu dezala hurrengo Ekainak 12an gauzatuko diren hauteskunde sindikaletan bozkatzeko aukera emanez.