ELAk negoziazio kolektiboa urratzeari uzteko eta eskola orduaren murrizketa apikatzeko eskatu du
ELAko EAEko gizarte ekimeneko ordezkariek elkarretaratzea egin dute Gasteizen, San Viator ikastetxean, Kristau Eskolen ikasturte hasierako ekitaldian. Bertan salatu dute, EAEko Auzitegi Nagusiak hala agindu badu ere, patronalek ez betetzen jarraitzeko hautua egin dutela, berriro ere Auzitegi Gorenera jotzea erabakita. Ondorioz, ikastetxe gehienetan oraindik ez da ezarri 2025-2026 ikasturterako greba amaierako akordioan adostutako eskola orduaren murrizketa.
Hala ere, ELAk gogorarazi du ikastetxeen % 15 inguruk dagoeneko erabaki dutela patronalaren aginduei muzin egin eta eskola-orduaren murrizketa aplikatzea. Ikastetxeetako zuzendaritzen erabakia izan da akordioa zein epaia betetzea. Ondorioa argia da: akordioa ez betetzeko arrazoirik ez dago, eta ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzen esku dagoen zerbait da. Patronalak, aldiz, Eusko Jaurlaritzaren finantzaketak aplikazioa baldintzatzen duela argudiatzen du.
Bestalde, irailaren 25eko prentsaurrekoan adierazi bezala, ELAk gogorarazi du patronalak epaitegietan salatu dituela azken hamarkadan sektore honetako negoziazioa kolektiboan sistematikoki fede txarrez jarduteagatik.
Izan ere, patronalen ohiko jarduera bihurtu da greba dinamikei esker lortutako akordioak ez betetzea eta langileak epaitegietara joatera behartzea, sinatutakoa aplikatzeko. Patronalek epaitegiek aspaldi baztertutako argudioak erabiltzen dituzte sinatutako akordioak ez betetzeko, besteak beste, gobernuaren finantzaketa falta. Ondorioz, adostutako hobekuntzen aplikazioa atzeratu egiten dute, eta horrek langileen eskubideei kalte egiteaz gain, ikasleen arretari ere eragiten dio. Gainera, prozedura judizialen erabilera desegokia eta abusiboa egitea dakar horrek.
Horregatik guztiagatik, ELAk patronalek negoziazio kolektiborako eskubide sindikala urratu dutela aitortzea eta dagokion isuna ezartzea eskatu du.
ELAren helburua da sinatuta dauden akordioak betearaztea, atzerapenek eragindako kalteak konpentsatzea eta hurrengo negoziazioetan patronalak fede txarrez negoziatzeko asmoetatik disuaditzea. Horretarako, bide juridikoa zein mobilizazioarena bultzatzen jarraituko du.