3. GREBA EGUNA

Iberdrolak milioika euro irabazten ditu, baina langileen soldatak izoztuta ditu

2026/06/19
Iberdrolak milioika euro irabazten ditu, baina langileen soldatak izoztuta ditu
ELAk Iberdrolan deitutako hirugarren greba egunak agerian utzi du langileen gero eta haserre handiagoa, enpresak erosteko ahalmena bermatzeari uko egiten diolako, nahiz eta irabazi milioidunak izan.

ELAk Iberdrolan deitutako hirugarren greba egunak jarraipen masiboa izan du EAEn eta Nafarroan. ELAk bildutako datuen arabera, geldialdiak ia %90eko jarraipena izan du Asua, Ortuella, Abadiño, Gernika, Leioa, Durango, Santurtzi, Barazar, Miramon, Hernani, Eibar eta Ordiziako lantokietan. Larraskitun parte-hartzea %70etik gorakoa izan da, eta Iberdrola Dorrean, berriz, %20 ingurukoa. Nafarroan, grebaren jarraipena %50ekoa izan da.

Langileek 2024ko abendutik iraungita dagoen hitzarmen kolektiboa berritzea eta galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko neurriak eskatzen dituzte, izan ere, galera hori %19tik gorakoa da. Urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioen ondoren, zuzendaritzak blokeatuta mantentzen du negoziazioa, soldatak KPIari lotzeari uko egiten diolako.

Egoera hori ez dator bat enpresaren emaitza ekonomikoekin. Azken ekitaldian Iberdrolak irabaziak %12 handitu zituen, 6.285 milioi eurora iritsiz, eta akziodunen ordainsaria %14 igo zuen. Aldiz, langileei aplikatutako soldata igoera %0,685ekoa baino ez zen izan, KPIa %2,9koa izan zenean.

Ez hori bakarrik: enpresak 400 zuzendaritza-kargu ingururentzat pizgarriak eta ordainsariak onartu ditu, 400 milioi eurotik gorako balioarekin; aldi berean, hitzarmenaren eraginpean dauden 8.000 langile baino gehiagorentzat soldata-eguneratzea ukatzen du.

ELAk kezka agertu du, halaber, erabaki guneak eta lanpostu huts berriak pixkanaka Bilbotik Madrilera eramaten ari direlako, baita enpresan euskararen presentzia urria delako. Salatu duenez, ez dagoe hizkuntza eskakizunik, ezta euskarazko prestakuntzarik ere, eta euskararen erabilera ez dago normalizatuta ez bulegoetan ezta barne komunikazioetan.