U15 ISRAELI BOIKOTA

ELAk egun osoko greba deitzen du Hezkuntzan palestinar genozidioa salatzeko

ELAk egun osoko greba deitzen du Hezkuntzan palestinar genozidioa salatzeko
Palestinar herriari lurralde guztian zor zaion autodeterminazio eskubidearen alde egiten du Galizako CIG eta Kataluniako Intersindikalerkin batera. Bertoko gobernuei, espainiako exekutiboari eta europako batzordeari Israeleko gobernu genozidarekin harreman komertzial, ekonomiko eta diplomatiko oro eteteko galdegiten die.

Gaur arratsaldean sare sozialen bidez jakin dugu LAB eta STEILAS sindikatuek egun osorako greba deialdia egin dutela Hezkuntzarako, gainerako lan esparru eta enpresetarako 3 orduko lanuztea egin duten arren CCOO eta UGTrekin batera.
ELAk ere egun osorako greba egiteko deialdia egiten die unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko eta itunpeko hezkuntzako langileei, Haurreskoletako zein unibertsitateetakoei. Izan ere 24 orduko greba egokiagoa dela deritzo hezkuntzan.
Eskolak itxi eta eskualdeetan zein Hego Euskal Herriko lau hiriburutan ELAk antolatuko eta babestuko dituen ekimen soberanista eta antibelizistetan parte hartzera deitzen ditu.
Palestinako genozidioaren aurrean, ELAk hasieratik plazaratu du Euskal Herritik eta Euskal markotik egin behar dela egoera hau salatzeko lanuzte orokorra. Greba deialdi honen bidez ELAk Palestinaren aurkako genozidioa geldiarazteko tresna guztiak aktibatzera interpelatzen ditu Gasteiz, Iruña eta Madrilgo Gobernuak zein Euskal Herriko enpresak. Horretarako, israelekin dituzten harreman guztiak etetea galdegiten die. Are gehiago, klase politiko osoari eskatzen dio gobernu horiekiko babesa baldintzatu dezatela Israelekin harreman komertzial eta diplomatiko oro modu eraginkorrean haustera.

Ezin da onartu ere Israelek eta Estatu Batuek Gazako herritarrei planteatutako xantaia ere. Horregatik, ELAk Galizako CIG eta Kataluniako Intersindikalarekin batera egin zuen urriaren 15erako lanuzteetarako deialdia. 

Tamalez ELAk egiten duen irakurketa eta interpelaziorekin ez dute bat egin beste deitzaleek.
ELAk greba ondo atera dadin lan egingo du, eta ezinbestekoak diren gaiak beste sindikatuekin landuko ditu langileen artean gaizkiulertuak ekiditeko. Hori bai, bere mezu, aliantza eta mobilizazio berezituak ere landuko ditu. Era berean, langileak deituko ditu Israelen aurkako boikot argia eskatzen duten mobilizazio guztietara.