Confebaskek boikotatu egin du Ostalaritzako Akordio Markoa negoziatzeko mahaia eratzea
ELAk honakoa adierazi nahi du Confebasken jarrerari buruz:
1.- Oso jokabide larria da. Confebaskek negoziazio-mahai honetan, zeinetan gutxiengoa duen, egin duen eskaria hedatzen bada eta patronalei mahai guztietan exijitzen bazaie, oso bakanak izango dira legearen arabera eratu ahal izango direnak. Patronal gehienek ez dute behar besteko ordezkaritzarik, ez baitituzte ordezkatzen sektore bateko langileen %50 biltzen dituzten enpresak.
2.- Ostalaritzako Akordio Marko Sektoriala negoziazioa dela eta, Lan Harremanen Kontseiluak patronalen ordezkaritza egiaztatzeko datu-base zaharkitu bat erabili du, honek eguneratu gabeko langile-erroldak islatzen baititu. Harritzekoa da, baina LHKk ez ditu Gizarte-Segurantzaren datu eguneratuak baliatu.
3.- Mahai hau eratzea boikotatzean Confebaskek xede bat du gogoan: lurraldez gaindiko negoziazio kolektiboaren monopolioari eustea, beste patronalei negoziatzeko legitimitatea ukatzen dielarik. Gure ustez, gainera, modu onartezinean egiten du hori, beste patronalei exijitzen dien ordezkaritza berak ere ez baitauka.
4.- ELAk salatu egin nahi du Eusko Jaurlaritzak gai honetan duen jokabide pasiboa. Gobernuak badaki negoziazio-mahaietan patronalaren akreditazioarekin sortzen ari diren arazoak; gutxieneko arduraz jokatuko balu patronalen ordezkaritza egiaztatzeko -Confebaskena barne- sistema fidagarri eta garden bat paratu beharko luke. Bere jarrera pasiboak aditzera ematen du Jaurlaritza erosoago dagoela Confebaskeko patronalei solaskide izaera aitortu eta hauei finantzazioa emanez.
Duela bi urte luze ELAk Precoren Batzorde Parekidean ohartarazi zuen premiazkoa zela auzi honi heltzea. Bi urte igaro direnean arazoak biderkatu egin dira.