Erkoreka Sailburuak esan du Jaurlaritzak ez dituela Itzarrirako ekarpenak egingo

2014/12/17
Gaur izan den Itzarriko Gobernu-batzordean Josu Erkoreka Funtzio Publikoko sailburu eta Jaurlaritzaren bozeramaleak iragarri du argi eta garbi ez dutela 2015ean Itzarrirako ekarpenik egiteko asmorik.

Mahai Orokorreko akordioetan hitzemandako ekarpen horiek egiteko zailtasun juridikoak argudiatzen ditu, batetik, eta arazo ekonomikoak, bestetik. Gainera, Rajoyren gobernuak ezarritako aurrekontu-legeak ekarpenak egiteko eragozpen juridikoa ere gehitzen omen du.

 

Argi dago Elkarkidetzarekin lotutako herri-administrazioek, zeinetan alderdi desberdinek agintzen duten (Bildu, PP eta EAJ), ekarpenak egiten badituzte, Jaurlaritzak ere ez lukeela arazorik izan beharko. Horregatik esaten dugu, eta gaur lehenengoz hala aitortu dute eurek ere, ez dela ezinezkoa; kontua da ez dutela nahi.

 

ELAk nabarmendu nahi du Jaurlaritzaren aitzakiek benetako zergatia ezkutatu nahi dutela, hots, bat ere borondate politikorik ez daukala, ez ekarpenak egiteko, ezta Negoziazio Kolektiboan hartutako konpromisoak betetzeko ere. Oraingoan ere Eusko Jaurlaritzak murrizketen zama guztia bere langileei leporatzen die, dirua aurrekontuetako beste sail batzutara bideratzeko: ia 1.000 milioi euro zorra ordaintzeko, AHT eta antzeko proiektuak, etab.

 

Honakoa adierazi nahi dugu:

 

1. Urkulluren gobernua urtez urte hainbat arlotan (enplegua, soldatak, BGAE, gizarte-politikak, etab.) ezartzen ari den murrizte politika salatu beharra dago.

2. Salatu egin nahi dugu Jaurlaritza Mariano Rajoyren gobernuak erabakitako politiken aurrean agertzen duen jarrera otzana: ez omen dago ados, baina praktikan haren aginduak zorrotza betearazten ditu. Rajoyk erabaki eta Urkulluk obeditu egiten du.

3. ITZARRIrako ekarpenak berriro egiten hastea exijitzen dugu; hau negoziazio kolektibotik eratorritako betebehar bat da, eta ezin dira pentsio publikoen osagarriak aipatu benetan hauen aldeko apusturik egiten ez bada. Ekarpenak egiten ez badira, ez dago bere helburuak bete ditzakeen BGAErik.

4. Urkulluren kabineteari eta aurrekontu-proiektua aurrera atera dadin bozkatu edo bide emango duten indarrei eskatzen diegu ezar ditzatela murrizketak amai daitezen beharrezko diren diru-sailak; zehazki, kasu honetan, ITZARRIrako ekarpenak egitea posible izan dadin.

5. Azkenik, enplegatu publikoei dei egiten diegu mobilizatzen jarrai dezaten, murrizketak bertan behera gera daitezen eta beren eskubide laboralen alde.