UGAO-MIRABALLESEKO ERAIKINETAKO GARBIKUNTZA

28 greba egunen ondoren, hilean 278 euro gehiago irabaziko dute langileek, beste hobekuntza batzuen artean

28 greba egunen ondoren, hilean 278 euro gehiago irabaziko dute langileek, beste hobekuntza batzuen artean
ELAk greba amaierako akordioa sinatu du, %22,7ko soldata igoera, lan eskubide berriak eta berme sindikalak lortuta

ELAk Ugao-Miraballeseko eraikinen garbiketa zerbitzuko greba amaierako akordioa sinatu du, 28 eguneko greba mugagabearen ostean. Akordioak hobekuntza garrantzitsuak jasotzen ditu soldatetan, lan baldintzetan eta eskubide sindikaletan. Iraupen mugagabea izango du eta hitzarmena ez aplikatzeko aukeraren aurkako klausulak jasotzen ditu.

Lorpen nagusia 2026an aplikatuko den %22,7ko soldata igoera izango da, zerbitzuaren kontratu berriarekin batera: soldatak 1.222 eurotik 1.500 eurora igaroko dira. Gainera, 2027an eta 2028an KPIaren araberako igoerak aplikatuko dira kontzeptu guztietan. Igoera hau bat dator ELAk EAEan 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzeko egiten duen aldarrikapenarekin.

Halaber, akordioak hutsik dauden postuak betetzeko sistema bat jasotzen du, antzinatasunean oinarritua, lanaldi partzialeko eta aldi baterako langileentzat, zuzendaritzaren erabaki arbitrarioak saihestuz. Era berean, ordezkari sindikal bat izateko eskubidea aitortu da, 21 ordu sindikalekin, baita lanorduetan egiteko 6 orduko batzar ordainduak ere.

Hobekuntza sozialen artean daude norberaren gauzetarako ordaindutako egun bat eta dagoeneko eskuratutako eskubideak idatziz bermatzea, hala nola zubiak edo abenduaren 24an eta 31n lanik ez egitea.

ELAk azpimarratu du akordioa antolakuntzari, batasunari eta afiliazio sindikal handiari esker lortu dela; horri esker, ia hilabeteko greba sostengatu ahal izan dute, aholkularitza eta erresistentzia kutxaren babesarekin.

Ugao-Miraballeseko garbiketako langileek Euskal Herriko gainontzeko sektoreko langileak antolatzera eta bizi zein lan baldintzak duinduko dituzten hitzarmenen alde borrokatzera animatu dituzte. Era berean, Bizkaiko hitzarmen duin baten alde borrokan jarraitzeko konpromisoa berretsi dute, patronalak eskubideetan egin nahi dituen murrizketen aurrean.