Martxoak 8 arte!

2017/02/28
Martxoak 8 arte!
Bizkaiko Erresidentzietako langileek Bilboko kaleak hartu dituzte gaur ere euren lan-baldintzak eta erresidentzietako kalitatea asistentziala hobetzeko asmoz. Gaurko lanuzte honekin, iragarritako greba eta mobilizazio deialdi berriei amaiera eman zaie, betiere, lan-gatazka honi inolako irtenbiderik eman gabe.

Gaurko mobilizazioarekin bukatu dira orain arte iragarrita zeuden greba eta mobilizazioak Bizkaiko Erresidentzietan. Egoerak, ordea, bere horretan dirau. Izan ere, sektoreko patronalek –GESCA, LARES, ELBE–eta Bizkaiko Foru Aldundiak- ez dezagun ahaztu pribatizatutako zerbitzu publiko baten aurrean gaudela, Aldundiak %70ean finantzatzen duena- ez dute inongo borondaterik akordio justu bat lortzeko.

Egoera honen aurrean, otsailaren 24an, ostirala, sektore honetako ELAko delegatuak batzarrean bildu ziren egoera aztertu eta datozen asteeetan eman beharreko pausoak zehazteko. ELAko Bizkaiko Erresidentzietako arduradun Soraya Garcia eta Gaizka Miguelek honako hau nabarmendu dute: “Greban gauden langileok argi daukagu: ez gara geldituko gure aldarrikapenak bete arte”. Lanuzte eta mobilizazio berrietarako adostutako data ez da nolanahi erabaki. “Deialdi berria Martxoak 8 Emakume Langileen Nazioarteko Egunean egitea erabaki dugu. Izan ere, gure iritziz, laborala eta soziala den gatazka hau oraindik ere konpondu ez bada, funtsean, emakumeak garelako da. Emakumeok pairatzen dugun diskriminazioa ez da eguneroko lan-baldintzetara mugatzen, gatazkaren luzapen eta sufrimenduan ere nabaritzen baita”.

Lehenengo aldiz, gaur egun indarrean dagoen deialdia bukatu gabe deitu da greba berri batera. Zergatik? “Patronala eroso ikusten dugulako, mugitzeko asmorik gabe, eta Bizkaiko Foru Aldundia patronalen alde erabat lerrokatua”. Gaur egun, guztiz ulertezina bada ere, sektoreko enpresei ordaintzen jarraitzen du Aldundiak, azken hauek zerbitzua eskaintzen ez badute ere. Gure kalkuluen arabera, 100 urte baino gehiago daramatzagun honetan, 4 milioi euroko etekina jaso dute enpresek, esan bezala, eskaintzen ez duten zerbitzu baten truke”.

108 LANUZTE ETA URTEBETEZ LUZATZEN ARI DEN GATAZKA

Martxoaren 17an Bizkaiko Erresidentziek grebari ekin ziotenetik urtebete igaro da. Geroztik, eta gaur egun arte, 108 lanuzte izan dira. Halere, Soraya Garcia eta Gaizka Miguelek langileen eskainitako babesa gero eta handiagoa izan dela nabarmendu dute. “Lehenengo greba deialditik borroka honen aldeko babesa hazi besterik ez da egin. Gure jarrera tinkoa da eta ez dugu etsiko gure helburua lortu arte, alegia, gure lan-baldintzak eta Bizkaiko Erresidentzietako kalitate asistentziala hobetzea lortu arte".