ELArentzat lehentasuna izango dira soldatak igotzea eta sektore publikoko ekintza sindikala indartzea
ELAk helburu argi batekin hasi du ikasturtea: soldatak igotzea lortzea inflazioaren igoerari eta langileen pobretzeari aurre egiteko. Horretarako, KPItik gorako soldata igoerak defendatuko ditu eta ez du gutxieneko erreferentzia horretatik beherako hitzarmenik sinatuko.
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia bereziki kezkatuta agertu da bizitzaren garestitzearekin eta horrek langileengan izango duen eraginarekin.
Izan ere, abuztuan egindako aurreikuspenaren arabera, urteko KPI % 4,3 da, 2023ko otsailetik lortu ez den zifra. Horrek eragin zuzena izango du elikagaien prezioetan, eta, beraz, baita pertsona ahulenen aurrezkietan ere. Izan ere, errentaren zati handi bat oinarrizko produktuak erosteko erabiltzen dute jada. Datu bat: erosketaren kostua, batez beste, % 46 garestitu da 2019tik; soldatak % 20 baino ez.
Gauza bera gertatzen da etxebizitzarekin: 2019tik 2026ra bitartean % 37,5 garestitu da EAEn eta % 47 Nafarroan; KPI, berriz, % 22 baino ez da igo, INEren datuen arabera. Gainera, 2026ko irailean Euriborrak gora egin du, hau da, hilean 50 eta 70 euro gehiago ordaindu behar dute askok.
Ondorioz, etxebizitza, energia eta elikagaiak dira Hego Euskal Herriko herritarren gastuaren % 50.
Patronalaren neurrira egindako erreforma
Pobretze testuinguru honetan, eta aberastasunaren banaketa gero eta injustuagoa izanik, EAJk eta PSEk aurkeztutako erreforma fiskala "arinkeria eta zentzugabekeria" dela uste du Lakuntzak. "Funtsean, Bizkaiko EAJk aurkeztutako bera da”, dio.
"Patronalaren eskaerak jasotzeko diseinatutako erreforma da. Enpresek eta soldata altuenek are gutxiago ordaintzea da helburua", ziurtatu du. Bereziki larria da, ELAren hitzetan, kontuan hartuta enpresa askok inoizko etekinik handienak dituzte, baita Irango gerra betean ere.
Horren adibide dira Iberdrola, 2025ean 6.285 milioi euroko irabazi garbiak izan zituena (% 12,0 gehiago 2024arekin alderatuta), edo Kutxabank, 641 milioiko mozkin garbiekin, aurreko urtean baino % 19 gehiago.
"Garamendik eta Confebaskek txalotu duten erreforma da, patronalaren aldeko erreforma", salatu du ELAko idazkari nagusiak.
Horregatik, gainerako indar politikoei, batez ere ezkerreko alderdi politikoei, koherenteak izan daitezela eta proposamen honen aurka egin dezatela eskatu die.
"Enpresa batzuen interes partikularren alde egiteko, gainerakoei kalte egin nahi diete, diru-bilketa txikiagoa onartuz eta diskriminazio egoerak sortuz".
ELAko idazkari nagusiak gaineratu du talentuaren aitzakia erabiltzen dutela kanpotik datozen profesionalei zergak salbuestek. Horrek lehen eta bigarren mailako langileak sortuko dituela dio sindikatuak.
Gutxieneko soldata, lehentasuna
ELAk pobretzea lehengoratzeko duen beste estrategietako bat zera da: 1.600 euroko Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) ezartzea sindikatuak sinatuko dituen hitzarmen guztietan. Gainera, ziurtatu du sektore guztietarako gutxienez 1.500 euro ezartzea eskatzen jarraituko duela, martxoaren 17ko greba orokorrean eskatu bezala.
Aldarrikapen hori EH Bildu, ERC eta BNG alderdiekin partekatu zuen, eta LGSren deszentralizazioaren eztabaida Diputatuen Kongresura eramateko konpromisoa hartu zuten.
ELAk, beste sindikatu batzuekin batera, hainbat bilera egin ditu, neurri hori onartzea ahalbidetuko duen gehiengo parlamentario bat lortzeko. Alderdi horiek guztiak interpelatzen jarraituko du.
“1.500 eurotik behera ezinezkoa da Euskal Herrian bizitzea”, dio Amaia Muñoak.
Sektore publikoa: gatazka indartu
ELAk ere sektore publikoan jarri du arreta, gatazkek gora egingo dutela aurreikusten baitu. "Jaurlaritzak ez die erantzuten sakoneko arazoei, eta ez du inbertsioa handitzen. Lan-baldintzak hobetu gabe ez dago konponbiderik ", salatu du Lakuntzak.
Hala, ELAk mobilizazio sendoak aurreikusi ditu, besteak beste, Osakidetzako, Hezkuntzako eta udaletako plantillek dituzten egiturazko arazoak behin betiko konpontzeko. Beste sindikatu batzuekin batera lanean ari da mobilizazioen egutegia zehazteko.
Sektore publikoarekin lotuta daude, halaber, sektore feminizatuetako gatazkak, hala nola Gipuzkoako erresidentzietakoa (dagoeneko greban) eta Bizkaikoa (negoziatzen ari dira).
Lehendakariak presioa egin behar dio Confebaski
Lehendakariak eragile sozialekin aurreikusitako bilera sortari begira, ELAk politika publikoen orientazioa aldatzea eskatuko dio. Gainera, sektore publikoan irekitako gatazkak konpontzeko inplikazioa eskatuko dio, eta bere proposamenak helaraziko dizkio etxebizitzan, euskaran edo industria politikan. Era berean, lehendakariari berriro eskatuko dio Confebaski presio egin diezaion Gutxieneko Soldata negoziatzera eser dadin. "Onartezina da gai honetan urratsik ez egitea", dio Amaia Muñoa sindikatuko idazkari nagusiaren albokoak.
Ildo beretik, ELAk Lehendakatiari exijituko dio Torres lehendakariordeak elkarrizketa sozialerako iragarri zuen lege proposamena bertan behera uztea.
"Iragarritako proposamenak ELA eta LAB zigortu nahi ditu edukirik gabeko mahai huts horietan parte hartzen ez dutelako. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileek hautatutako gehiengoaren ordezkaritzaren aurkako erasoa da", dio Muñoak.
Are gehiago, proposamena “antisindikala eta antidemokratikoa” dela baieztatu du.
ELAk gogorarazi du mahai horrek, edukirik gabeko arazo bat izateaz gain, legitimitate arazo bat ere baduela, % 30era ere iristen ez den ordezkaritza batekin osatu baita.
Euskaraz lan egiteko eskubidearen alde
Bestalde, Bizkaiko Metalaren Mahaian egin zuen bezala, ELAk urratsak ematen jarraituko du
lan munduan euskararen presentzia handitzeko. Horretarako, hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak bultzatuko ditu bai EAEn, baita Nafarroan ere.
ELAk Gasteizko eta Iruñeko gobernuak interpelatzen jarraituko du beren erantzukizuna har dezaten; bide beretik, patronala presionatuko du lantokietan pausoak eman ditzan euskararen normalizazioaren bidean.