ELAk EITBko Administrazio Kontseiluari eskatu dio galdegiteko zuzendaritzari EEEa erretiratzea

2015/01/21
ELAk EITBko Administrazio Kontseiluari eskatu dio  galdegiteko zuzendaritzari EEEa erretiratzea
Dosierra EAJk, EH-Bilduk eta LABek Administrazio Kontseiluan babestu zuten erabaki baten ondorio da, eta 30 lanpostu suntsitzen ditu. ELAk Eusko Irratiko Zentroarteko Komiteari adierazi dio mobilizazioekin jarraitu beharra dagoela, Administrazio Kontseiluak zuzendaritzari EEEa erretira araz diezaion; halaber, ordezkaritza sindikalarekin hitzartutako EDP baten beharra ere planteatu dio, lanpostu guztiak mantentze aldera.

ELAk joan den ekainean plazaratu zuen agiri batean zioen moduan, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu-politikak (azken urteetan %35etik gora murriztu da aurrekontua) eta EITBko zuzendaritzaren kudeaketak ondorio larriak izan ditu euskal irrati publikoan, lan-arloari eta kalitateari dagokionez. Azken urteetan EITB sortu zeneko oinarrizko printzipioak baztertzea, lan-baldintzak okertzea eta kontratuetan izandako irregularitateak ohikoak izan dira. Esaterako, iruzurrez egindako merkataritza-kontratuak erregularizatzeko Gizarte Segurantzari 4 milioitik gora ordaindu behar izan dizkiote.

Egoera honetan, finko ez diren mugagabeko kontratuak eteteko EEEa (PPren erreforma laborala aplikatuz EAEko administrazioan erabaki den lehena) Administrazio Kontseiluan EAJk, EH-Bilduk eta LABek hartu zuten erabaki justifikaezin baten ondorio da; Eusko Ikaskuntzako eta Euskaltzaindiko ordezkariek ere horren alde bozkatu zuten. Legebiltzarreko akordioen ondorioz, ELA -indar sindikal nagusia izan arren- laugarren legealdiz Administrazio Kontseilutik kanpo utzi dute.

Bada, ELAk salatu zuen Enplegu Deialdi Publikoarekin (EDP) gauzatzen dela enplegua suntsitzeko EITBko zuzendaritzaren politika. 30 lanpostu kentzea, hots, plantillaren %10etik gora, zuzendaritzaren aldebakarreko erabakia da, baina Administrazio Kontseiluan ordezkari politiko eta sindikal batzuren babesa izan zuen.

Zuzendaritzak aipatutako dosierra aurkeztu duelarik, ELAk honakoa adierazi du:

1. Ez da kasualitatea EEEa Erakundeko hauteskunde sindikal gehienak egin eta biharamonean diren aurkeztea.

2. Kontua ez da zuzendaritzak enplegua suntsitzeko zein prozedura hautatzen duen, hori egiteko erabakia bera baizik. Banakako kaleratzeak EEE kolektibo bat bezain larriak dira, emaitza berbera baita: 30 lanpostu gutxiago.

3.- ELAk Eusko Irratiko Zentroarteko Komiteari adierazi dio mobilizazioekin jarraitu beharra dagoela, Administrazio Kontseiluak zuzendaritzari EEEa erretira araz diezaion; halaber, ordezkaritza sindikalarekin hitzartutako EDP baten beharra ere planteatu dio, lanpostu guztiak mantentze aldera.

4.- ELAren ustez EITBren zuzendaritzari babesa eman eta orain EEEa kritikatu dutenek ez dute ezer lortuko, plantak egiten ari dira. Ulertu ezinekoa da guretzat, ikuspuntu sindikal eta sozialetik, horrelako politika bat berrestea. Honi bide eman zietenek sinesgarri izan nahi badute, aukera bakarra geratzen zaie: zuzendaritzari enplegua suntsitzeko erabakia bertan behera uztea derrigortuko duen posizioa hartzea.