ELAk bilera batera deitu ditu batzarkide taldeak
Gipuzkoako erresidentzien sektoreko negoziazio mahaia duela urte bat baino gehiago osatu zen arren, patronalek ez dute inolako proposamenik egin prekaritate egoerari aurre egiteko. Egoera horren aurrean, ardura eta ekimen politikoa aktibatzeko asmoz, otsailaren 17an, bilerara deitu ditu ELAk Batzar Nagusietako batzarkide taldeak, negoziazio mahaiko gainontzeko sindikatuekin batera, Donostiako LHKren egoitzan, 10:00etan.
ELAk salatu du negoziazioa blokeatuta dagoen arren, ez duela bilerarik izan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ezta aurrekontu akordioa ahalbidetu zuten PNV-PSE eta Elkarrekin Podemosekin ere. Hain zuzen, aurrekontu akordioak jasotzen zuen sindikatuekin behar beste bilera paralelo egingo zirela hitzarmena sustatzeko eta “lanpostuak egonkortu eta ratioak hobetzeko”.
Era berean, ELAk greba egun gehiago finkatu ditu: otsailak 26 eta 27 eta greba orokorraren hurrengo egunean, martxoaren 18an, sektorean hobekuntzak aldarrikatzen jarraitzeko. Sektoreko langileen ia erdiak kontratu partzialak ditu eta soldata arrakala urtean 10.000 eurotik gorakoa da.
Bien bitartean, zazpi egoitzatan greba mugagabeak aurrera jarraitzen du: Donostiako Txara II (Biharko Gipuzkoa), Villa Sacramento (Domusvi-Mitie), La Paz (GSR-Coop.Mondragon), Errenteriako Sgdo.Corazon (Eulen), Zumarragako Argixao (Gerozerlan-Matia) eta Zumaiako San Juan (Clece) egoitzako langileek 88 greba egun daramatzate eta Ordiziko San Jose (Zaintzen-Clece) egoitzakoak ere greba mugagabera gehitu ziren urtarrila bukaeran. Gainontzeko egoitza eta eguneko zentroetan berriz, 16 greba egun eginak dituzte.
ELAk salatu du Eider Mendoza diputatu nagusiak grebako zerbitzu minimoak igotzea eskatu izana, “egoiliarren arreta egokia garrantzitsuena” dela argudiatuta. ELAk gogorarazi dio zerbitzu minimoak %90 arte izatera igo zituztela jada eta egoiliarren arreta egokia lortzeko ezinbestekoa dela ratioak hobetzea. Gauzak horrela, Aldundiari eskatu dio aurrekontuetan jasotako konpromisoei eustea eta gatazkari irtenbidea ematea.