Estatu Espainolak ertzain-kopurua gutxitzeko duen asmoa salatu du ELAk
Gaur prentsan zabaldu den albistea ikusita, Estatuak helegitea jarriko dio XXVI. promozioari, aurreko XXIV eta XXV. promozioei ere jarri zien bezala. Argi dago, beraz, zein den Estatuko Gobernuaren asmoa: EAEko ertzainen kopurua izugarri gutxitzea.
Gaur egungo ertzainen kopurua 7.850ekoa da; baina kopuru horri kentzen badiogu XXV eta XXVI. promozioetako 500, kolokan baitaude, eta kontuan hartzen badugu datozen hiru urteetan 1.000 ertzain gehiago erretiratuko direla, ertzainen kopurua %20 gutxitu daiteke hiru urteren buruan.
Gobernu Espainolak apustu egin du Goardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren alde, Ertzaintzaren kaltetan. Erabaki politiko hori oso larria da, eta onartezina. Gainera, Estatuko Abokatutzaren erabakien kontrako norabidean Gobernu Espainolak 2016ko deialdia onetsi du, Polizia Nazionalean eta Goardia Zibilean ia 5.000 plaza sortzeko.
Madrilgo erabaki politiko horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak, benetan sinesten badu Ertzaintza euskal polizia integrala dela, ezin da mugatu defentsa juridikora, aurre egin behar dio politikoki Madrili, eta autogobernuaren alde agertu.
Eusko Jaurlaritzak gutxienez 8.000 ertzainak izatea bermatu behar du, kopuru hori ezinbestekoa baita herritarrei zerbitzu publiko ona bermatzeko.