ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio epaietan langileei aitortu zaizkien egun libreak onartzea

2014/12/11
ELAk gobernu honen hipokrisia salatu du: batetik Konstituzionalean salatu ditu murrizketak, eta bestetik, bere langileak derrigortu egiten ditu auzitara jotzera, baimen egunen aldeko epaiak ez dizkielako kolektibo guztiari aplikatzen.

ELA sindikatuak idazki bat aurkeztu zuen martxoan Eusko Jaurlaritzan Ertzaintzaren gaineko epaia euskal administrazioko langile guztiei hedatzeko. Bilboko Administrazioarekiko Auzietako 6 zk.ko Epaitegiaren epaian honela esaten da: “20/2012 ELDaren 8.1 eta 2 artikuluaren bidez aldaturiko EPOE/EBEParen 48 eta 50 artikuluak (eta beraz, hortik eratorritako autonomietako arauak) ezin dira aplikatu atzera eraginez; beraz, ezin izango dituzte eraginpean hartu Ertzaintzaren zerbitzuan 15 urte bete dituzten langileak, dagozkien opor-egun gehigarriak hartzeko eskubidea sorrarazia baitute”. Hori dela-eta, 2012ko uztailaren 15ean lortuta zeuden antzinatasun-egunak hartzeko aukera ematen zaie ertzainei.

Sindikatuaren eskariari Jaurlaritzak ez zion jaramonik egin; eragindako ehundaka langileren eskariak behin eta berriz ukatu ditu. Ondorioz, beharginek auzitara jo behar izan dute, auzi-kostuak ordaindu behar izateko arriskua hor delarik. Auzitegiak ia kolapsora iritsi dira, hainbat epaitan aitortzen den eskubidea – hainbat ertzainen kasuan ELAk irabazi du- aintzatetsi dadin.

ELAk eskatzen du behingoz epai horien edukia Jaurlaritzaren langile guztiei aplika diezaietela, auzitara jo beharrik izan ez dezaten.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzari galdegiten diogu errotik alda ditzala murrizketa eta enplegua suntsitzeko politikak; berehala berreskura ditzala 35 orduko astea eta kendutako egun libreak; ordezkapenak lehen egunetik aurrera egin daitezela; lanposturik ez dadila amortizatu, eta egungo plantillak egonkortzeko EPEak plazara ditzala, ez orain iragarri dituen modukoak (izan ere, hauek ez dute enplegurik sortzen, aitzitik, dagoena suntsitzea eragiten dute). Halaber, 2012an jasotzeke geratu zen aparteko ordainsaria berehala eta oso-osorik ordaintzea exijitzen dugu.