ELA sindikatua Barkos eta Beaumontekin bildu da sektore publikoko lan-baldintzen inguruan hitz egiteko

2016/07/19
ELAk Uxue Barkosi bere kezka agertu dio, inongo hobekuntza nabermenik eman ez delako

ELA sindikatuko ordezkaritza batek — Imanol Pascual, negoziazio kolektiboko arduraduna, eta Puy Remirez, zerbitzu publikoen federazio kideak osatuta — bilera egin du Nafarroako lehendakari Uxue Barkosekin.

Nafar Gobernuaren lehen urtea igarota, ELAk sektore publikoko lan baldintzen hobekuntzekiko bere balorazio negatiboa gobernuari igorri dio; negoziazio mahaia ezberdinen blokeoa onartezina da ELAren ustetan.

ELAk baita ere bere desadoztasuna erakutsi dio gobernuari OPE ezberdinen inguruan; euskera eta gaztelera plazen banaketagatik eta hezkuntzako OPEan zerrenda bateratua ipini ez izateagatik, osasunbideko OPEan C eta D mailako plazen gabeziagatik, nukleoko OPE eskasagatik…

ELAk administrazioan egun pairatzen den prekarietatea azpimarratu du (behin behineko tasa %44a da eta hezkuntzan %31a). Bestalde 2012ko aparteko ordainsariaren ordainketa eza, ANDAPean ematen den kontratazio prekarioa, suhiltzaile parkeko minimoen gabezia, polizi lege berriaren ordainsari arloaren garapen eza eta justizia arloko negoziazio eza salatu ditu ELAk.

Sindikatuaren iritzian, baliabide ekonomikoen urritasunak ezin du aitzakia izan arlo publikoko beharrezko lan baldintzei aurre egiteko orduan. Zentzu horretan, gogoratu beharra dago 2013ko Nafarroako presio fiskala %29,3koa izan dela, hain zuzen, 2012koa baino 0,1 gutxiago, eta europar Barne Produktu Gordinaren bataz-bestekoarekiko 10 puntu beherago. Hau da, Nafarroak europar presio fiskalaren bataz-bestekoa edukiko balu, 1838 milio euro gehiago bilduko lituzke.

ELAk Uxue Barkos eta María José Beaumont sektore publikoan negoziazio erreala bultzatzera deitu ditu, lanpostuak egonkortzeko, aparteko ordainsaria eta eroste-ahalmena berreskuratzeko, pribatizatutako zerbitzuen errebertsioa egiteko eta kontratazio publikoen legea garatzeko. Aipatutako lege hori ELAk bultzatu zuen, ILP baten bidez, kontratazio pliegoetan klausula sozialak jartzeko.