ELAk errefusatzen du UGT, CCOO eta BuB sindikatuek sinatutako akordioa
2025ean 420 lanpostu suntsitu ondoren, horietatik 232 Bridgestonek Basauriko lantegian, sindikatu sinatzaileek (UGT, CCOO eta BuB) joan den astean hitzarmen berria sinatzeko akordioa egin zuten, besteak beste multinazional japoniarrak Basaurin eta Usansolon dituen lantegiei eragingo diena.
ELAk errefusatu egin du akordioa, edukirik gabekoa baita. Ez zaie langileen eskaerei erantzun, eta ez da hitz egin Bridgestonek mahai gainean jarri ez dituen langileen beste gai eta kezkarik. Adostutako puntu bakarrak honako hauek dira, eta guztiak enpresaren proposamenak dira:
Estatuko KPIari lotutako soldata-igoera, sindikatu sinatzaileek diotenaren kontra, soldatak % 25 hobetu gabe. Aipatutako ehunekoa 2021etik metatutako KPIa da, eta ehuneko horretara ere ez da iristen.
Ordaindutako baimenen testua aldatu da, Langileen Estatutuan ezarritakora egokituz, eta kasu batzuetan langileak behartzen ditu egiaztagiri batekin baino gehiagorekin justifikatzera, multinazionalak nahi bezala.
Aparteko orduak egiteari dagokionez, akordioak eskubideetan atzerapausoa suposatzen du, testu berriak honako hau baitio: "Salbuespenezko kasuetan ez da beharrezkoa izango aldez aurreko akordioa, eta sindikatuen onarpena orduok egin ondoren etorri ahal izango da". Hau da, ez da aldez aurreko kontrolik egongo aparteko orduak egiteko.
Horregatik guztiagatik, eta aurten izandako enplegu-suntsiketaren ondoren, ELAk balorazio negatiboa egiten du sindikatu sinatzaileek lortutako akordioari buruz.
ELAk Bridgestoneko langileekiko konpromisoari eutsiko dio, enplegua defendatuz eta multinazional japoniarrean edozein doikuntza berri baztertuz.