ELAk 2.000 sinadura baino gehiago bildu ditu Garapen Profesionalaren eredu berria eskatzeko
ELAk salatu du osagarri honek azken urteetan murrizketak izan dituela eta gabezia handiak dituela: ez da ez berdinzalea, ez objektiboa, eta ez du betetze bermerik. Gogorarazi du, gainera, 2011n Osakidetzak alde bakarrez utzi ziola deialdiak egiteari eta ordainketak egiteari, urtero deialdiak egiteko legezko betebeharra urratuz. ELAk auzitara jo zuen, eta 2018an epaia irabazi zuen: Osakidetzak 180 milioi euro ordaindu behar izan zizkien langileei. Sindikatuak irekita du oraindik 2012-2018 aldiko zenbatekoak erreklamatzeko prozesua.
Testuinguru horretan, ELAk kritikatu du Osakidetzak LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin adostutako akordioa, soilik 2019-2021 aldiko ordainketa egitea aurreikusten duena, eta horrela langileei zor zaizkien 200 milioi euro inguru erreklamatzeari uko egitea.
2022 eta 2023ko grebek Osakidetza behartu dute urteko deialdiak berrezartzera eta eredu berria negoziatzera; horregatik, une hau erabakigarria da Garapen Profesionalaren etorkizunerako.
ELAren ustez, egungo proposamena eskasa da eta eredu berriak honako ezaugarriak izan beharko lituzke:
• Egungo sistema hobetu eta hortik abiatzea.
• Betetzea eta ordainketa bermatzea, erabaki aldebakarrei bidea itxita.
• Eredu irekia eta iraunkorra izatea, baldintzak betetzean mailaz igotzeko aukera emanez.
• Ebaluazio objektiboa eta prestakuntza eskuragarria bermatzea kategoria guztientzat.
• Lan egindako epe guztiak kontuan hartzea, baita prestakuntza espezializatua eta praktikak ere.
• Genero-arrakala ezabatzeko neurriak jasotzea (kategoria feminizatuak, ikertzeko, irakasteko aukerarik gabe…).
• Euskararen ezagutza berariaz baloratzea.
• Zenbateko ekonomikoak berrikustea.
ELAk lanean jarraituko du Osakidetzako langileen lan-baldintzak hobetzeko, besteak beste, Garapen Profesionalaren osagarria hobetzeko.